UEUk antolatutako udako ikastaroak Eibarren, Baionan eta Iruñean izango dira, ekainaren 29tik uztailaren 22ra. Ikastaroen aukera zabala eskaintzen da (guztira, 34 ikastaro eta 6 jardunaldi) eta hainbat arlotakoak dira: artea, literatura, ekonomia, hezkuntza, kirola, psikologia, informatika eta natur zientziak landuko dira, besteak beste. Informazio guztia UEUren web-orrian aurki dezakezue.
Izen ematea maiatzaren 25ean ireki zen eta ikastaroa hasi baino astebete lehenago itxiko da. Jakin ezazue matrikularako deskontuak badaudela UEUko bazkide izateagatik eta Berrialagun izateagatik. Gainera, hainbat udalek beren herritarrei diru-laguntzak ematen dizkiete. Eskualdeko udalen kasuan, Zizurkilgoak jakinarazi dio UEUri diru-laguntzak eskainiko dituela ikastaroetan parte hartzeagatik (Zizurkilen erroldatuta egonez gero).
Ni neu arduratu naiz ikastaro baten antolakuntzaz, hain zuzen ere Eguneroko estatistikaren oinarriak: errealitatea manipulatzeko (edo horretaz konturatzeko) teknikak. Ikastaroa bi egunekoa izango da (uztailearen 13an eta 14an), guztira 10 ordu, eta estatistikaren oinarriak aztertuko ditut (ia) zerotik hasita. Estatistika ulertzeko tresna errazak aurkeztuko ditut, eta baita estatistikaren erabilera maltzurrarekin iruzur egiteko (edo horretaz konturatzeko!) teknikak.
Nire ikastaroari buruzko galderak egiteko edo zalantzak argitzeko, nire posta elektronikoa erabil dezakezue: josu.lopez@ehu.eus
Ikastaroei buruzko informazio gehiagorako, berriz, hona jo:
Irati Iciar (Udako Ikastaroen arduraduna)
tel. 943 82 14 26
i.iciar@ueu.eus