ERREZETA

Piper gorriak mendrezkarekin

Erabiltzailearen aurpegia Jon Urionaguena 2024ko abe. 1a, 07:57

Jon  Urionaguena Irurako Ostatuko sukaldaria da. Abizenak salatzen duen gisan bizkaitarra da, Munitibar herrikoa. Villabonan bizi da, duela 10 urte, eta emaztea billabonatarra du. 

Irura ezaguna zuen, eta aukera suertatu zitzaionean ostatua kudeatzeko ez zuen zalantzarik egin. «Jo eta ke» dabilela aitortu du Urionaguenak. Hasieratik argi izan zuen «txoko hori» aproposa zela berarentzat, ostatua familian kudeatzeko eta irurarrei merezi duten zerbitzua eskaintzeko.

«Gosearekin janaria ona egoten da», dio barrez Urionaguenak; alegia, Iruran bazutela taberna baten beharra. Irurarrek eskaini dioten erantzunarekin oso kontentu da. Irurarrei zerbitzua eskaintzen jarraitzeko gogoz da, gainera. 10:00-22:00 bitartean zabalik dute Irurako Ostatua, asteburuetan, hala ere, iluntzean beranduago ixten dute, afari zerbitzua behar bezala eskaini ahal izateko. Astelehena izaten dute atseden eguna.

Sukaldaritza pasioz bizi du Urionaguenak, dagoneko 44 urte dira sukaldeari loturik bizi dela, 16 urterekin hasita. Eta honela, gaurkoan, errezeta erraz bat prestatu du Ataria-rentzat, Irurako Ostatuan bertan.

Errezetari ekingo diogu, sarrera baterako platera prestatu du Urionaguenak. Errezetarekin hasteko, piper gorriak labean erreko ditugu, edo zartaginean oliotan. Behin eginda daudela, piperrak tiratan moztuko ditugu. Sutik ateratakoan plastiko film batekin tapatuko ditugu, honela bere berotasunarekin, azala ondo askatuko da. Jateko orduan, epelak egon daitezke, hotzak ez behintzat. Jarraian, gatza botako diegu —gatza azukre tanta batekin nahastuta dagoela—, olioa eta baratxuri puntu bat ere —xehe-xehe eginda— gehituko dizkiogu. Ondoren, ozpina eta eztia botako diegu gainetik.

Azkenean, platera muntatu beharko dugu, era oso errazean. Piperrak erretilu batean jarriko ditugu, gainean mendrezka jarriko diegu eta baita antxoak ere. Nahi izanez gero arrautza egosia ere bota ahal diegu gainetik —txiki-txiki eginda—. Eta bertako tokea emateko, Ibarrako piperrak ere ezin falta honako platerean. Begitik erraz sartuko den errezeta da gaurkoa. On egin!

OSAGAIAK

  • Piper gorriak.
  • Mendrezka.
  • Antxoak.
  • Baratxuria.
  • Gatza eta azukrea.
  • Eztia.
  • Oliba olioa.
  • Ozpina baltsamikoa.
  • Ibarrako piperrak.
  • Arrautza egosia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!