Koronabirusa

Aspaldiko kontuei agur esan behar

Erabiltzailearen aurpegia Izaskun Egilegor 2020ko aza. 5a, 07:58

Alarma egoeran gauden honetan eta gizarte erlazioak apurka hausten eta esentzia galtzen ari diren  momentuan, horien garrantziaren barruan murgiltzeko helburua du testu honek.

Harrotasunez bere herriaren izena munduko beste puntara daraman gizarte batean jaiotzeko aukera izan dugu. Aukera ez ezik, zortea deitu dakioke horri. Koronabirusaren garaian, eta honekin bizitzera kondenatuta egon bagauden arren, historiako liburuetan nabarmenki markatuta geratuko den urtea izango da. Urte zehatzek ez dute balio askorik izaten historiako irakasgaietan, dena kontinuum bat baita eta data zehatzak egoera zehatz baten adierazle besterik ez dira.

Aitzitik, garai berrira garamatzan trena hartu berri dugu, tren luzea; haustura sozial, krisi ekonomiko zein gizarte gatazkez beteta dagoen trena. Tren horretan goaz guztiak: segurtasun distantziak ezin mantendu ditzaketenak, beharrezko babesik gabe lanera doazen garbitzaileak, etxetik kanpo babes gabe egunero aurrera eta atzera dabilen gizona, musukoak ordezkatu ezin ditzaketenak...  

Guzti honetaz jabe garen heinean, kulturak bere tokia eskatzen du eta baita kultura immaterialak ere. Ondare kulturala ez da materialtasunean besterik oinarritzen, ohitura eta bizirik mantentzen diren usadioez haratago zabaltzen da. Gure arbasoengandik gaurdaino iritsi direnak eta gure artean mantentzen direnak noski. 

Tradizionala den ondare immaterialak aspaldiko garaietatik gurera iritsi zaizkigun ohiturez gainera, egun jasotzen diren aldaketa sozial abangoardistak hartzen ditu bere gain. Integratzailea da, beste kultura zein taldeekin konpartitzen diren historiako zertzeladak dira, atzoko eta biharkoaren elkarloturan oinarritzen dira, eta gaurkotasuna dute elkargune. Gizartean eta komunitatean oinarritzen da, gainera. Talde ezberdinek onartzen dute ondare hori, eta erabili egiten dute, urteetan zehar plazaratzeko.

2019ko ekainean Ondare Immaterialaren lege berria plazaratu zen. Azken hamarkadetan jazotzen ari diren aldaketa sozio-ekonomiak direla eta, aspaldian egunerokotasunaren parte ziren ekintzak alde batera utzi edota jai gisara identifikatzeko aukera ikusi zen. Gizartea elkartzen duen ospakizun oro bildu eta balio erantsi bat eman zitzaion. Ondare kulturalen kudeaketa integral bat eskaintzea zen helburu nagusia, bai orain eta baita etorkizunean ere. 

Distantzia sozialak ordea, hauek alde batera uztera behartu gaitu. Bertan behera geratu dira festak, jaiak, ekitaldiak eta orokorrean kulturarekin zerikusia duen oro. Komunitate egin gaituen horri agur esan behar izan diogu 2020 honetan eta agur esan ere 2021ean. Aitzitik, sinbolikoa izan daitekeen zerbait ospatzera bideratu dira zenbait ekimen. Gerra garaian ere ospatzen jarraitu ziren Tolosako inauteriak, adibidez. Ez da egongo babarrunaren festarik ez eta bisigu zein txuleta jairik ere, ez da txotxongilo jaialdirik egingo, inauteririk eta Tolosako kaleetan barrena larunbatero entzuten ziren tronpeta eta txaranga hotsik, bat batean isildu dira. Integratzailea den ororekin apurtu dugu. Pantailak, mugikorrak, bideo-deiak eta bakardadea iritsi zaizkigu. Konexio gehien duen belaunaldia garela diote, baina laguna ikustean besakada bat emateak isuna ekarri dezake eta eredu diren aspaldiko kontuei agur esan behar izan diegu gaurkoan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!