Boligrafoaren eta #teklatuaren artean

Erabiltzailearen aurpegia Iyuya Urrutia 2014ko abenduaren 17a

Europan erreferente diren Finlandiako eskolek, denbora gutxiago eskainiko diote eskuz idazteari. Badirudi, papera eta boligrafo gutxiago erabiltzearen alde egitera doazela. Kaligrafia tradizionala utzi eta ordenagailuz idazten ikasten jarriko dituztela ikasleak. Finlandiak emandako pausoak, eztabaida sortu du, bai bertan eta baita gure lurretan ere. Horiek horrela, azter dezagun geure jokabidea: ez al dugu helduok une hauetan batez ere teklatuaren bitartez idazten? Orduan,  ba al du zentzurik, hainbeste ordu inbertitzeak haur batek letrak segidan eta txukun-txukun idaz ditzan? Nik, egunero, baditut eskuz idazten ditudanak, notatxoak, erosketarako zerrenda, agendako oharrak,…baina eguna igaro ahala, ordenagailuan eta mugikorrean askoz ere gehiago idazten dut, eskuz baino.

 

Finlandiak  bere curriculum eskolarra hamar urtean behin aldatu eta egokitzen du. 2014ko ikasturte osoa  hausnarketan eta  gogoetan eman  dute, ikasleek izan behar dituzten gaitasun berriak zein diren zehazteko. Partaidetzazko hausnarketa izan da,  herrialde osoan hedatutako lan-taldetan egina, alegia, eztabaida publiko batean. Ondorio nagusietako bat izan da, hain zuzen ere, kaligrafia atzean utzi eta teklatuari protagonismo handiagoa ematea. Gaizki ulertu baino lehen, argitu behar da idazteari ez diotela utziko, kaligrafia lantzeari utziko diotela baizik. Beraz, eskuz idaztea ez da lehentasunezkoa izango, hemendik aurrera mekanografiaren pareko izango da. Zazpi urterekin hasiko dira haurrak teklak astintzen, gailu teknologikoen (ordenagailuak, tabletak,…) bitartez.

 

 2016an astekoak dira, eta, neuk adi-adi begiratuko diot gertatzen denari. Oraintxe bertan arraroa egiten zaigu, baina halako batean hasi beharko gara geure burua eta ondorengo belaunaldiena antolatzen gai honen inguruan. Batzuk erosoago sentituko dira bolalumarekin eta beste batzuk, aldiz, nahiago izango dugu teklatua. Baina argi dagoena da, aurrerantzean elkarbizitza izango dela boligrafoaren eta teklatuaren artean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!