Irurako Udalak bere jardun demokratikoa eta gardentasuna berresten ditu

Erabiltzailearen aurpegia Irurako Udala 2025eko abuztuaren 8a

Orain dela egun batzuk, Irurako EAJ alderdiak argitaratutako idatziari erantzutea komeni dela iruditu zaigu, harriduraz jaso baitugu.

Irurako Udal gobernuaren jarduna demokratikoa auzitan jartzea ez dator bat errealitatearekin eta horrelako adierazpenak arriskutsuak direla deritzogu, estatu mailako politikan ematen diren diskurtsoak eta mezuak  gurera ekarriz.  Udal gobernu honek badu Irurarentzat proiektu bat, herritarren gehiengo zabalak demokratikoki aukeratua izan dena eta betiko moduan, ekarpenak egiteko borondatea duten guztiekin, despistatu gabe, hori betetzeko determinazio eta konpromiso osoa duena. Elkarlanari, orain arte bezala, ez diogu beldurrik eta konfrontazioan ez baina eraikitzean aurkituko gaituzte. Irurako Udalak inoiz izan dituen komunikaziorako tresnak ditu eta herritarrei egiazkoa, gardena eta zuzena den informazioa zabaltzeko erabiltzen ditu. EAJren idatziak dio apirilean eskatu zituztela komunikazioaz arduratzen den enpresaren inguruko informazioa eta, soilik, webgunearen trafiko datuak jaso zituztela eta  hau argitzea komeni da. Udal idazkariak, ekainaren 6an, trafiko datuaz gain, Udalak zeregin honetarako beste bi enpresei eskatutako bi aurrekontu igorri zitzaizkien eta aukeratua, 18.029 euroko kopuruarekin,  merkeena izan zen.

Oposizio batek izan behar duen ardurari errespetu guztia diogu, baina honek erabilitako hitzen eta ekintzen arteko koherentzia eskatzea dagokigu. Irurako EAJk idatzian aipatutakoak egiak balira, zer dela-eta onartu zituen, edozein gobernurentzat, funtsezkoak diren urteko aurrekontuak? Gezurra bada ere, Udal gobernu honek demokraziari bizkar emango balio, zergatik onartu dira aho batez osoko bilkuretako erabaki gehienak? Adibide ugari bezain esanguratsuak daude, non erabili dituzten hitzak eta ekintzak ez datozen bat. Ez-ohiko plenoak presazkoak edo premia handiko egoeretan deitzen dira eta horrelaxe gertatu da uztailekoetan ere. EAJk ondo dakien moduan, enpresa bati ezarritako zehapen batzuen inguruko akordioa berrestea izan da batean eta plazako obraren lizitazioa ahal bezain laster martxan jartzeko azkenekoa. Osoko bilkura guztiak publikoak dira eta grabatu egiten dira, beraz, ezinezkoa da ezer ezkutatzea eta horrela jakinarazi izan dio oposizioari akta hauek aurkezteko ardura duen Udal idazkariak. Halaber, ez-ohikoak izan arren, beti eman ohi dugu galderak egiteko aukera.

Irurako EAJk ondo dakien moduan, Udalak gastatzen duen euro bakoitza, salbuespenik gabe, osoko bilkurara eramaten da eta kontu-hartzailetzatik, eskatutako informazio gehigarri guztia  eskura izaten dugu guztiok.
 Udal gobernu honek bide orri zehatza du, aspaldiko urteetan herritarrekin batera eraikitzen ari dena eta ez gara bestelako jokoetan sartuko, herritarrek ez ligukete horrelakorik onartuko.  Bakoitzak bere lehentasunak ditu eta gurea herritarrekin eta herriarentzat lan egitea da, oinarrizko printzipioa da eta, pausuz pausu, aurrera goaz eta ez gara, inolaz ere, hortik aldenduko. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!