Denboraren joana

Erabiltzailearen aurpegia Irati Hartsuaga 2019ko ira. 22a, 20:58

Ez naiz izugarri sare sozial zalea. Ez naiz izan sekula, ez daukat maiz-maiz elikatzeko behar den konstantziarik. 

Lagunarteko afarietan tarteka gogoratzen dugu horrelako kontuetan izandako lehen saiakera hura, Fotolog izeneko argazki eguneroko bat, baina, esango nuke, nireak kolpeka funtzionatzen zuela, bolada batean egunero argazki bat jarri, eta beste hainbeste egun pasatzen nituelako ezer argitaratu gabe.

Ez diot baliagarriak ez direnik. Neronek maiz erabiltzen ditut, inoren zain pasa beharreko hamar minutuetan entretenitzeko edo albisteak irakurtzeko. Baita ere, eskala handi samarreko ekitaldietan gertatzen direnak zuzenean jarraitzeko, izan manifestazioak, bertso txapelketak edo estropadak.

Ordea, nire hamar minutuak irrigarri dira askorentzat. Orduak behar dituzte, eta ez da broma. Demagun: ordu laurden inguru argazkiak ateratzen, hamaika postura, aurpegiera eta eszenatokitan; ordu erdi inguru bai, ateratako argazki guztiak galbahetik pasatu eta sorta txukun bat aukeratzeko; eguneko argazkia zein izango den zehaztutakoan, beste hamar bat minutu edo, argazkia txukuntzeko filtroak aplikatu, argia aldatu…-; eta, jakina, gero mezu polit bat idatzi behar da. Edo sakona, edo txoroa, eguneko aldartearen arabera. Bada, ordubete joan zaigu, gutxienez.

Eta hori produkziorako bakarrik. Zer esanik ez, gainerakoen argitalpenak begiratzen eta like edo atsegin dut klikatzen pasatutako denboraz, edo norbere argitalpenak zenbat jasotzen dituen begiratzen igarotakoaz. Zer esanik ez, sarekideen oniritzi kopurua etengabe egiaztatu beharrak sortzen dien antsietateaz.

Lagun batek abuztuaren bukaeran esan zidan, urri erdira bitarteko eguneroko argitalpenak prestatuta eta programatuta zeuzkala ordurako. Orduan, lagunartean, irakurtzen, kirola egiten, zinean edo hondartzan pasatu zezakeen zenbat denbora eman (galdu) ote du pantailari begira?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!