Euskaraldi soziologikoa

Erabiltzailearen aurpegia Irati Hartsuaga 2019ko urt. 19a, 09:59

Esango duzue Euskaraldia aspaldi joan zela, oraindik paparretan txaparen bat ikusten den arren. Ia ahaztuta daukagula, nahiz eta ondorio iraunkorrak izateko pentsatutako esperimentua izan.

Esan beharreko gehienak esanda egongo dira seguru asko, bai. Baina, esandako guztiaz gain, beste gogoeta bat eragin dit niri Euskaraldiak, eta horixe azaltzera noa.

Euskaltegietan euskara ikasten hasten den jende askori entzuna da, beste herri/hiri bat deskubritzen dutela euskararekin batera, Euskal Herria bizitzeko beste modu bat. Ni neu ere ohartua naiz, oso hurbilekoak ditudan pertsona asko mundu guztiz desberdin batean bizi direla. Hori guztia Euskaraldiaren parametroetan jartzeak lau jende multzo eman dizkit:

- Euskaraldian kontzientziaz eta uste osoz parte hartu dutenak, zegozkien rolak barneratuz, eta praktikan jarriz.

- Euskaraldian inertziaz parte hartu dutenak, txapa soinean jartze soilaz harago, ahalik eta ahalegin txikiena egin dutenak.

- Euskaraldiaren berri izan eta, utzikeriaz edo uste osoz, ez parte hartzea erabaki dutenak.

- Euskaraldiaren berri, entzun ere egin ez dutenak.

Ez daukat portzentajerik, ez dakit multzo bakoitza zenbatekoa den, baina badut balorazio bat bakoitzarentzat:

- Bejondeizuela! Euskaraldiaren bertute eta gabeziei buruzko balorazioez harago, aitortu behar zaizue, gutxienez, baduzuela euskararen alde lan egiteko gogoa.

- Eutsi goiari eta hartu indarrak! Ruperrek zioen bezala, badakigu euskaldun izatia zein nekeza dan… Baina, gure ahaleginik gabe, euskaldun izateari utziko diogu, eta hori ez da hobea…

- Ez… Uste dut ez daukadala ezer zuei esateko. Utzikeriagatik izan bada gaizki eta, ez baduzue parte hartu nahi izan, okerrago.

Zuek kezkatzen nauzue gehien, zuen multzoa existitze hutsak. Nola da posible, Euskal Herrian bizi, eta, euskaldun izan ala ez, halako tamaina hartu duen kanpaina baten berririk ez izatea? Bai, zuek kezkatzen nauzue gehien.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!