50. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Magia eta matematika

Erabiltzailearen aurpegia Irati Hartsuaga 2018ko aza. 6a, 09:23

Hasteko eta behin, ez daukat nire burua aditutzat. Ez naiz ni gure herri musikal honetan inoiz instrumentu bat ikasi edo koro batean kantatu duen edonor baino adituago.

Beraz, ez dut hitz egingo aurtengo lehiaketan parte hartu duten abesbatzen soinu-kalitateaz, afinazioaz edo dinamikez, badago eta hori nik baino hobeto ulertu eta epaituko duenik.

Izan ere, artea lehia bihurtzearen kontraesan horretan bizi da Tolosako Abesbatza Lehiaketa, eta Leidorren biltzen diren entzule guztiek dakite, irabazle bat bakarrik egongo den arren, musika badela lehiaketaren matematika baino zerbait gehiago. Eta are gehiago aurten, berrogeita hamargarren urteurrenean, parte-hartzaile guztiak irabazle historikoak izan direnean.

Maila gorena bermaturik zegoela jakinda eseri nintzen ostegunean lehenbizikoz Leidorren. Aurtengo asmoa ez da izan epaimahaiaren erabakia asmatzen saiatzea, abesbatza bakoitzaren gabeziak ikusten (entzuten) ahalegintzea onena zein zen erabakitzeko, akats txikiak harrapatzeko jolasean sartzea. Aurtengoa gozatzeko urtea zen. Begiak itxi eta hegan egitekoa.Badagoelako une bat non musika magia bihurtzen den. Eta kalitate gorenak ere ez du bermatzen hori beti gertatuko denik.

Baina batzuetan, bat-batean, halako isilune hauskor bat sortzen da kanta baten amaieran; ia beldurrez edo itxaroten dugu zuzendariak gorputza erlaxatzen eta besoak erabat jaisten dituen arte. Eta orduan bai, orduan zarata lehertzen da, txalo zaparrada, baina ez edonolakoa. Kantuak magia izan badu, sortzen da halako bat-bateko adostasun kolektibo bat, eta Leidor osoa, 826 pertsona, 1652 esku, erritmo berean hasten dira zartaka. Entzulego osoa ahots bakar bihurturik, lehiakideak sortu duen magia omenduz. Ez al da magikoa?

Inguruan izan ditudan entzuleekin behin eta berriz esan dut ez nukeela epaimahaikideen lekuan egon nahi. Ez naizelako aditua. Uste dudalako magia ezin dela neurtu. Eta inoiz baino lan zailagoa zutelako aurten. Edo inoiz baino errazagoa agian, parte-hartzaile guztiak izan baitzitezkeen irabazle. Bai, zalantzarik gabe, gozatzeko urtea izan da aurtengoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!