Oporrak herrian

Erabiltzailearen aurpegia Irati Hartsuaga 2018ko irailaren 17a

Badakit oporrak bukatu direla ia denontzat, bai. Badakit agian mingarria izan daitekeela zenbaitentzat oporrez hizketan hastea orain, lanerako eta eskolarako itzuleraren aje erdian. Baina baditut pare bat hitz udako egun eta hilabeteei eskaintzeko ba!

Hain zuzen ere, herri hutsaren xarma nahi nuke azpimarratu. Zein den ederra autoa hartu eta nahi den tokian aparkatzeko lekua aurkitzea beti! Baina ez hori bakarrik, jakina. Oporrek pertsonari ematen dioten zen egoera horretan, bitxia da herrian patxadaz paseatzea. Kaleak jendez husturik, denda asko itxita, egunerokoan ohikoak ez diren gauzak ikusten dira.

Ikusi ditut ur-puxiken gerrak Zabalarretako zelaian, gudari askorik ez zegoen arren. Ikusi ditut karta jokoak Euskal Herria plazako terrazetan, garagardo bat lagun, arratsaldeko ordu beroenei ihes egiteko. Ikusi ditut larunbateroko azoka barkatzen ez duten saltzaile eta bezero leialak, galbahea pasa ondoren gelditzen diren babarrun ale bakanak bezala.

Baina herri hutsaren xarma bezain polita da atzera harrera egitea hutsune hori utzi dutenei. Tantaka iristen dira, udako ekaitzetan euria hasten duenean bezala. Abuztuak aurrera egin ahala gudariak ugaritzen dira Zabalarretan, babarrun aleak azokan, eta karta jokoak baztertzen dira hitz-aspertuen mesedetan, kanpoan ibili denak baduelako zer kontatua.

Denak bezala, xarma efimeroa da herri hutsarena, egunerokotasunaren zurrunbiloarekin bukatzen dena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!