Eta lortu ere, lortzen dugula esango nuke, elkarte sare sendoari eta borondatezko lan askori esker.
Joan den larunbatean, potentzial hori aprobetxatuz, MusikHerria jaia antolatu zuen Udalak bosgarren urtez. Ekimen ederra da, herria mota desberdinetako musikaz betetzen duena, eta era guztietako musikariei edo izateko bidean direnei plaza bat eskaintzen diena. Aurten ordea, eguraldia ez dugu lagun izan, eta esango nuke horrek agerian utzi dituela antolatzailearen ahuluneak eta gabeziak.
Bizi garen tokian bizitzeak dakarren zametako bat da beti euriaren gatibu ibiltzea, eta horren araberako A, B edo C planak buruan izatea gutxienez. MusikHerria udalak antolatzen duenez, hari edo haren ordezkariei zegokien alternatibak eskaintzea aspalditik iragarrita zegoen eguraldi txarrarentzat, edo txarrenean jarrita, ekitaldia bertan behera uzteko erabakia hartzea, baina ez zen halakorik egin. Zorionez, Plaza Zaharreko kontzertuek bazuten aterpea, non eta udaletxeko arkupean. Iragarpenak iragarpen, ez zen karparik muntatu Lopez Mendizabal plazan han programatuta zeuden saioentzat. Trianguloan bazegoen bat lehengo astetik, baina inork ez zuen proposatu kontzertuak hara eramatea. Eta kalejiran zebiltzanek, gaztelaniaz esaten den bezala, abilidade librean ibili behar izan zuten, aterpeak bilatuz han-hemenka.
Eguerditik aurrera eguraldia guztiz aldatu zen, baina euria goian-behean egin zuen bizpahiru ordu horietan, parte-hartzaile gisa, bakarrik sentitu nintzen, antolatzailearen babesik gabe, ez baitzuen bere gain hartu nahi izan erabakiak hartzeko erantzukizuna. Iruditu zitzaidan udalak arinkeriaz jokatu zuela, bazekielako kalean genbiltzanetako asko ibiliak garela teloiaren atzean, eta badakigula horrelakoetan moldatzen, gauzak aurrera ateratzen. Eta halaxe egin genuen, the show must go on. Kontua da, inoren izenean ezer antolatzea tokatu zaidanetan, nik neuk atera izan ditudala babak eltzetik, baina, larunbatean, uretan gelditu ziren udalaren babak.