Azkenaldian ahoz aho dabilen feminismo hitzak piztu dit gaurko gogoeta. Izan ere, aurtengo martxoaren 8ak zerbait izan badu ona, izan da asko hitz egin dugula horri buruz. Imajina ezazue eszena: bi lagun hizketan, neska bat eta mutil bat. Feminista konbentzitua bata, mutil aurrerakoia eta berdinzalea bestea… baina mutil hark zioen ezin ziola bere buruari feminista deitu, feminismoa bera zelako, mutil izateagatik bakarrik, kolektibo horretatik kanpo sentiarazten zuena.
Zorioneko RAEren hiztegian begiratzen badugu, feminismoa da emakumeen eta gizonen arteko eskubide berdintasunaren printzipioa, edo arlo guztietan feminismoa ezartzearen alde borroka egiten duen mugimendua. Beraz, nongo lokatzetan ibili dugu hitz hori horrela zikintzeko? Ez ote da urtetako manipulazio matxista izan hitza kutsatu duena, jendartearen zati handi batek gizon zein emakume ez zezaten ikusi beren burua mugimendu feministaren barruan?
Martxoak 8ko mugimendu globalak hautsak harrotu ditu, eta hautsak harrotuta, argi ikusi da azpian ezkutatzen zen hitzaren distira. Feminismoa mugimendu anitza da, modu askotan barneratu daitekeena, baina helburu bakarra duena: berdintasuna. Horregatik, erabil dezagun hitza, zikintzen bada ere; eta hemendik aurrerako martxoak 8 guztiek balio dezatela, RAEk bezala, hitza garbitzeko, finkatzeko eta feminismoari distira emateko.