Ikasle gazteek inoiz baino informazio gehiago dute eskura, eta hala ere, duela 15 urte bezala, presio handia dute karrera bat aukeratzean. Baina bidegurutze horretan, estutzen dituena ez da aukera askoren artean bat hautatu beharra, baizik eta aukeratzen duten bide hori okerra izateko beldurra. Une horretan hautua garbi izan arren, gerta litekeelako unibertsitatera iritsi eta ikasketak ez gustatzea, edo bukatutakoan lanik ez izatea.
Horregatik uste dut oso casting egokia bildu zela mahai-inguruan: bederatzi hizlarietatik, ni bakarrik ari nintzen lanean aukeratutako ikasketen bidetik. Bat dantzari profesionala zen ingeniaritza egin arren, besteak unibertsitateko ikasketak utzi zituen, modulu bat egin, gero beste karrera bat hasi, eta geroztik pelikula bat egiteko tartea ere izan du, eta hurrenak gizarte hezkuntza egin zuen irakaskuntzan bukatzeko.
Eta horixe izan zen (edo hala espero dut behintzat) transmititutako mezu nagusia. Bide asko har daitezkeela bizitzan. Eta 18 urterekin hartutako lehena izan litekeela zuzena edo okerra, baina nahi adina denbora dutela norabidea aldatzeko.