Nik neuk, ia inauteriak adina gozatzen ditut aurreko prestakuntza garaiak. Xarma berezia dute asteburu hauetako planek: bilerak eta afariak egitea ideia zehazteko; lagunekin Ferialekura joan eta karroza eraikitzea… eta zer esanik ez amonaren ondoan, mozorroa josten pasatako orduez. Bueno, ni josi nahian, eta bera barrez begira. Baina, inauterietan ez dio axola mauka bat bestea baino luzeagoa izateak, edo eguerdirako joskurak askatzeak. Ez da hala?
Bada, nik hain argi daukadan hori zalantzan jartzen hasia naiz, inguruan ikusi eta entzuten ditudanek eraginda. Niretzat ideiak du garrantzia Inauterietan, eta jantzia ideia hori ahalik eta ondoen islatzeko bitartekoa baino ez da. Eta neure itxura ez da bigarren mailara pasatzen, ahaztu egiten dut zuzenean, ez zait batere axola. Are gehiago, zenbat eta zarpailago atera kalera, orduan eta gusturago ibiltzen naiz, eta jendeak ezagutu ere egiten ez banau, hobe.
Dena den, jabetu naiz neska gazte gehienek darabilten mozorroa, itxuraz desberdina izan arren, bat eta bakarra dela: edozer-gauza-gona-motxarekin deitzen diot nik. Erlea-gona-motxarekin, eskimala-gona-motxarekin, troglodita-gona-motxarekin… eta gero eta sarriago entzuten dut, neska ez hain gazteen artean ere, ez dutela edonola atera nahi kalera: «Nik guapa atera nahi dut».
Noizbait irakurri nuen, inauterietan mozorroa janztearekin batera, gure eguneroko kareta eranzten dugula, eta horregatik direla askatasunaren sinonimo. Beldur naiz ordea, gaur egun gizartean nagusi den irudiaren diktadura ez ote zaion gailentzen ari askatasunari. inauterietan ere, emakumeok men egin behar ote diogu diktadura anker horri?