Pantaila txikitik

Erabiltzailearen aurpegia Irati Hartsuaga 2016ko urriaren 2a

Gogoan dauzkat txikitako oporretako argazkiak, atera genezakeen argazki kopurua mugatua zenekoak. Dendara joan eta, hogeita bosteko edo hogeita hamaikako karretea eskatzen genuen. Eta, zortekoa zu, espero baino luzexeagoa tokatuta, hogeita hamabigarrena ateratzeko aukera bazeneukan.

Mugatuak zirelako-edo, baina beste xarma bat zuten orduan egiten genituen argazkiek. Leku bereziak hautatu behar ziren, eta aukera bakarrarekin konformatu behar, gainera. Benetan unea harrapatzen zutela zirudien. Eta, argazki bakar hura atera ondoren, leku edo une berezi hartaz gozatzen genuen, batera eta bestera begira.

Orain berriz, telefonoko pantaila txikiari begira jartzen gara argazkia atera orduko. Eta gustatzen ez bazaigu (begiak itxita atera garelako, edo irribarrerik politena harrapatu ez digulako, edo auskalo zergatik!), beste bat, bi, hiru… ateratzen ditugu, geure buruaren irudiarekin gustura gelditu arte. Edo, bestela, mila filtro aplikatzen dizkiogu, argazkiari guk nahi dugun kolorea eta itxura eman arte.

Denbora gehiago pasatzen dugu pantailan hartu duguna txukuntzen, aurrean dugunaz gozatzen baino.

Gaur bertan gertatu zaidana, horren erakusgarri. Momentu magiko bat bizi izan dut Zarateko lepoan: pagadi baten erdian, erraldoiak ikusi ditut dantzan sokazko instrumentuen musikak lagunduta. Gure mitoetako jentilak ekarri dizkidate gogora, eta mito horien erdian sentitu naiz, une liluragarri batez. Nire inguruko askok, berriz, telefonoaren pantailatik ikusi dute dantza, entzun dute kantua. 4.5 hazbetera txikitu dute unearen handitasuna.

Agian, horretarako dira gure sakelakoak gero eta handiago, mundua pantailan hobeto kabitzeko. Izan ere, zenbat hazbetetan kabitzen da bizitza?

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!