Auzolana

Erabiltzailearen aurpegia Irati Hartsuaga 2016ko maiatzaren 28a

Duela gutxi, elkarrizketa batean galdetu zidaten zergatik aritzen nintzen borondatezko lanetan.

Asko pentsatu gabe erantzun nuen: jende asko ezagutzeko aukera eman didala, niretzat ere aberasgarria dela… eta denek egin beharko luketela halakoren bat inoiz. Baina, hurrengo egunetan, gehiago pentsatuta, gogoeta sakonagoa eragin dit.

Euskaldunok harro esan ohi dugu zein garrantzitsua den auzolana gure herrian, gure nortasun kolektiboan. Gure gizartearen balore nagusitzat jarriko genuke gehienok, galdetuz gero. Gaur egun ordea, irudi ia bukolikoa bihurtu da, zuri-beltzeko argazkietan lurra jiratzen aritzen ziren baserritarrena. Norbanakoaren gizartean bizi gara, eta kontzeptu horrek gaina hartu dio gure herrian nagusi zen kolektibotasunari.

Baina, garaiotan ere, bere lekua baduela aldarrikatu nahi dut nik. Ez gara noski, aitzurra hartu eta bide bazterrak garbitzeko elkartuko. Badauzkagu zerbitzu publikoak horretarako. Baina, elkartu gaitezke auzoko festak antolatzeko. Edo herri baratzeak eta kontsumo taldeak sortzeko. Edo beste mila ekimenetarako.

Ez dezagun galdu herri izaera, eta saia gaitezen tarteka musu truk lan egiten, ondokoari eman diogun laguntza trukean jasoko baitugu gero.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!