Iritsi da zirkua!

Erabiltzailearen aurpegia Irati Hartsuaga 2016ko martxoaren 13a

Zatozte eta ikusi, gure zirkua! Pista bakarreko ikuskizun paregabea zuen gozamenerako! Iritsi da Espainiako zirku nazionala! Zatozte eta ikusi, abenduaren 20an hartu zenuten eta txartela!

Zatozte eta ikusi Rajoy eta bere elefante astunak, ustel usainekoak, pistako aulkietan eseri eta altxatzeko asmorik gabe, harro, orro egiten dutenak!

Zatozte eta ikusi Sanchez malabarista, pilotak eskuin eta ezker jaurtitzen dituena, gero eta gorago, gero eta gorago, bat bera ere lurrera erori gabe!

Zatozte eta ikusi Rivera mago handia, ke artetik bat-batean sortzen dena, magia gutxi izan arren, bere trukoekin inguruko guztiak liluratzen dituena!

Zatozte eta ikusi Iglesias ahaltsua, gihartsua, Sanson berraragiztatua, telebistatik ekarritako azken fitxajea, eutsiko al dio pisu astunari mototsa moztean?

Zatozte eta ikusi Garzon mimoa, bere kristalezko kaiolan gatibu, ez dio inork entzuten oihu egin arren!

Zatozte eta ikusi Lopez lehoi domatzailea! Eta gainerako guztiak ere bai: gizon bala, emakume bizarduna, eta inguruko pailazo guztiak!

Zatozte eta ikusi, gure zirkua! Pista bakarreko ikuskizun paregabea zuen gozamenerako! Iritsi da Espainiako zirku nazionala! Zatozte eta ikusi, abenduaren 20an hartu zenuten eta txartela! Eta lasai, oraingoan etortzerik ez baduzue, datorren ekainean berriz izango duzue txartela hartzeko aukera…

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!