Badatoz Inauteriak 2016!

Zeruari begira

Erabiltzailearen aurpegia Irati Hartsuaga 2016ko urtarrilaren 31

Zeruari begira. Halaxe pasa ohi ditugu inauteri aurreko bizpahiru asteak. Gora begira, lepoko mina jartzeraino. Putz eginez uxatu nahi genituzke laino ilunak, eta txintxeta batekin zeru urdinean josita utziko genuke eguzkia, ahal bagenu.

Zeruari begira egiten ditugu mozorroak ere. Euritik babesteko, edo hotzari aurre egiteko pentsatuak. Eta, mozorroa fina edo manga motzekoa bada, izan dadila handia, azpitik behar adina kamiseta termiko sartzeko.

Zeruari begira pentsatzen ditugu planak. Euria ari badu, Euskal Herri Plazako aterpera, edo txosnetako karpara, edo taberna barrura. Ateri bada, bilatu txaranga bat eta, segi, gorputzak eusten dion arte.

Zeruari begira, eta, madarikatzen, igaro ditugu azken hiru inauteriak. Urte batetik bestera, zera esaten nion neure buruari: «Tira, iazkoa baino okerragoa ez din egingo eta, animo!». Eta urtero, berriz, begirada jaso eta, euria besterik ez, zerutik.

Aurten ere, iritsi zaigu zeruari begira jartzeko garaia. Andoni Aizpuru, Urko Aristi, Pello Zabala, inauterietan aditu den Mesoneko meteorologoa, eltiempo.es… Nahi adina iturri eta bertsio, zeruak zer emango digun asmatu nahian.

Aurten ordea, ni naiz zeruari begiratu nahi ez diona. Lagun batek hauxe esan baitzidan iaz, Asteartita gauean, etxera erretiratu ezinik eta zerua madarikatzen genbiltzanean: «Euria egin duela, eta zer? Eguraldi onarekin egingo zenukeen ezer utzi al duzu egin gabe?».

Ez, aurten ez diot zeruari begiratu ere egingo.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!