Modako Gabonak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Hartsuaga 2015eko abenduaren 13a

Azken urteotan modan jarri da «Gabonak ez zaizkit gustatzen» esatea. Neurri batean, ez zaie arrazoirik falta hori diotenei: telebistan kolonia iragarkiak pilatzen dira bata bestearen atzetik, iristen ez den usainak goragalea eragiteraino, eta gainera, postontziak lehertu beharrean izaten ditugu, jostailu-dendetako propagandaz gainezka.

Harrigarria da garai bateko solstizioaren festa paganoak egin duen bidea. Kristautasunak itxuraldatu zuen aurrena, baina beste erlijio bat gailendu zaio gaur egun: kontsumismoarena, hain zuzen. Merkataritza zentroak ditu eliza, multinazionalak apaiz, eta erosketak liturgia.

Esango nuke, ordea, ez gustatzea modan dagoen bezalaxe, modakoak direla begitan hartuta dauzkagun Gabonak ere. Nik neuk ez ditut sekula kontsumismotik ulertu. Txikitatik, zirrara handiagoa eragin izan dit Olentzeroren pertsonaiak, haren zain egoteak, opariak irekitzeak berak baino. Begia imitatuz-edo, bonbilla gorri bat zintzilikatzen zuen osabak atariko sagarrondoan, eta argi huraxe (ustez) sukaldeko leihora hurbiltzen ikusteak sortzen zidan irrika eta ilusioa.

Gezurrik ere ez nuke esan nahi, egia da opariak jasotzea gustatzen zaidala. Jasotzea, alegia. Ekintzaren balioa ez baitago oparian, batak besteari zerbait eskaintzean baizik. Horregatik ditut atseginago norbere ahaleginarekin idatzitako bertsoak (kaskarrak izanik ere), edo azken oporraldiko argazkiekin eginiko txantxa eta kontakizunak, modako denda batean erositako modako bufandaren aldean. Izan ere, zer da kontsumistagoa, Gabonetatik ihes egitearen aitzakian bidaia bat egitea, edo lagunartean esanahi berezia duten opariak ematea?

Ez ditut sentimenduak orokortu nahi, agian nire kasua atipikoa baita. Ziur nago badela Gabonak ez gustatzeko arrazoi sendoak dituenik. Baina aro hau baztertzea politikoki zuzena bihurtzen ari da, joera edo moda, eta hori da gustatzen ez zaidana. Baztertu dezagun kontsumismoa, ez festa bera, eta, hortik abiatuta, bila dezala bakoitzak oporraldia bizitzeko modurik atseginena, politena, esanguratsuena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!