Bizitzaren doinuak

Erabiltzailearen aurpegia Irati Hartsuaga 2015ko aza. 8a, 12:30

Nire bizitzaren zati handi bat musikaren inguruan mugitzen den arren, edo agian horrexegatik, ez naiz etxera iritsi eta automatikoki musika ekipoa pizten dutenetakoa. Tarteka isiltasunak ere badu bere musika, ezta? Hala ere, azkenaldian entzutea egokitu zaidanak gogoetarako aldartea piztu dit. Musika, edo musikak, izango ditut gaurkoan hizpide.

Ostiralean, atzerritik duela gutxi itzuli den lagun minarekin kafe bat hartzean, irratia neukan jarrita. Xabier Leteren hitz sarkorrak entzun genituen: «Ez nazazu utzi» zioen bere ahots urratuan. Jaques Brel-en Ne me quite pas, nazioarteko arrakasta ezaguna, maisu handi batek eta maisuki, euskarara ekarria.

Pasa den asteburuan berriz, tolosarrok hain maitea dugun Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan entzun genituen oiartzuarrak udazkeneko koloreei eta egun hego-haizetsuei eskainitako Maiteagoak olerkiaren hitzak; atzerritarren ahots eztietan, guztiz estilo desberdinean, alderantzizko bidea eginaz Euskal Herririk mundura.

Gainera, asteburu berean herriko kale arteko oihartzunean entzun ziren Xabier Leteren hitz eta doinuak. Hileroko hitzorduan, 100 eztarri inguruk gogotsu abestu zuten San Ximon eta San Juda; euskaraz, euskaldunontzat, garai latzetan euskalduntasuna aldarrikatzeko idatzia. Neronek ere harro kantatu nuen: «Euskera guk dugu, gu gera euskaldunak!»

Hiru egunetan, hiru testuinguru guztiz desberdinetan, argi ikusi dut kantari bakarraren musika zein esparru desberdinetara iritsi daitekeen. Zein unibertsalak diren hitzak eta doinuak. Eta zera galdetu diot neure buruari: Zenbat musika daude musika hitzaren barruan? Ala musika bakarra al da, une eta toki guztietarako balio duena?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!