Quebec edo Eskozia bezalako kasuak geografikoki bezain sozialki urrun daude gugandik, hango gizarte helduek naturaltasunez landu baitute autodeterminazioaren auzia. Ulertzen dute halako aldarrikapenak zilegi direla, zenbaitzuk, gogoko izan ez arren. Hauteskundeei demokraziaren festa deitzea ironiatik hurbil egon ohi da askotan, baina Eskozian 2014an egindako erreferendumean, inork ez zuen zalantzan jarri beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea zutenik, ezta Erresuma Batuko gobernuak ere.
Kataluniako kasuak berriz, gutxi izan du naturaletik. Izan, badu, ordea, sakonetik miresten dudan zerbait: herriak urrats bat eman du helduarorantz. Hau da, eragozpen eta oztopo guztien gainetik (kanpokoak zein barrukoak), independentziaren aldekoek jakin dute bestelako arazoak baztertu eta burujabetzaren aldarriaren azpian bat egiten. Eta are gehiago, gizartea bera izan da mugimendua eragin duena, alderdikeria eta siglak baztertuta, politikariek ezinbestean hartu duten olatuaren azpiko indarra.
Eskozian au-pair gisa aritu nintzenean zaindu nuen haurrak zera galdetu zidan behin, Euskal Herriaz ari ginela: Why don’t you just build a wall? Harresi bat eraikitzeko, alajaina! Euskal Herriak dagoeneko gainditu du haur haren ikuspegi sinplea, eta pasa zaio kasketa eta lainezen garaia ere. Aitzitik, atzo bertan entzundako guztiak entzunda esango nuke, burujabetzari dagokionean, nerabezaroan gaudela oraindik. Belaunetako urratuak sendatu gabe dauzkagu, eta zauri horiek itxi artean ezinezkoa izango da sustraietatik hasita independentzia zale guztiak batuko dituen marea sortzea. Adin txikikoak gara.