Besteak beste, Tolosan badugu Lizardi elkartea eta plaza; Antonio Maria Labaien kultur etxea eta plaza; Euskal Pizkundea plaza ederra; Aitzol udal euskaltegia… Lan zail eta adoretsuan aritutakoei gure esker ona adierazi zaiela esango nuke, denei ez bada ere.
Aurretik zetorkigunaz gain, garai bereziki beldurgarri eta etsigarria iritsi zitzaion herri honi 1939tik aurrera: diktadura gogor eta lazgarri batean bizi beharra, euskara debekatua, mespretxatua, alboratua, txikitua…
Aurreko mende erditik aurrera, pixkanaka, lan oso konprometituetan sartzen hasi zen gazteria berria. Oraingo gazte eroak deitu zien Joxe Azurmendik maitekor izenburu bereko liburuan, Monzonek gazte utopikoak deitu zien moduan. ETA sortu zuten garai hartan ere 36ko gerra galdu zutenen seme-alaba ausartek, eta pausoak ematen hasi ziren Bigarren Euskal Pizkundeari bultzada aipagarria emanez.
Adibidez, Tolosan, 1957. urtean, Udaberri dantza taldea sortu zuten bi apaiz sakramentino sentsibilizatuok: Xalbador Garmendiak eta Felix Galdonak. 1967an, Lizardi kultur elkartea sortu zuten Laskorain ikastola martxan jartzeko, euskarazko hezkuntza berritzailea, euskarari dagokionez basamortu itzela zen garaian. Hauekin batera ekarri zizkiguten euskaltzale bikainek Tolosaldea berreuskalduntzeko elkartea, gau-eskolak eta abar. Hauei guztiei dagokien lekua aitortzeko garaia dela esango nuke Tolosan bezala gainontzeko herri guztietan, basamortu ikaragarrian oasi txikiak zirelako, norbaitzuek sortu zituztelako ezina ekinez eginaz eta hortik atera direlako beste oasi askoz ere handiago batzuk. Nori berea, eta bidea urratzen hasi zirenei ohorea!
Mila esker Tolosan eta gainontzekoetan bidea erakusteagatik diktadura bete-betean eta herri hau ZUTIK jartzeagatik. Bejondeizuela!
ETAz lasai eta kartzelara joateko beldurrik gabe hitz egin litekeenean, Bigarren Euskal Pizkundean egindako bere ekarpen ikaragarriaz ere idatzi ahal izango dute jakitunek; ETA erabakigarri eta ezinbesteko hartaz, alegia.
Hala ere, arestian aipaturiko bi Euskal Pizkundeetako kideei egin diezaiekegun omenaldirik onena mende honetan Euskal Pizkunde ausart eta hizkuntza normalizazioari zein euskal kulturari dagozkionean aurrerapauso itzulezinak emango dituena burutzea da. Anestesia handi samarra antzematen bada ere, jendartean bada giharra oraindik, egoki lan eginez gero, Hirugarren Euskal Pizkundea burutzeko. Ekitea behar euskaltzaleak elkartuta eta bertako zein berezko hizkuntza den euskara bere lurraldean nagusia izateko gogoa; euskara bigarren mailako hizkuntza moduan ikusten jarraitu nahi duen askotxo baita bazterrotan, baita Hizkuntza Politika gidatzen aritutakoen eta unibertsitateko irakasle euskaldunen artean ere.
«Ekiteaz eta gogoaz gain, urrats erabakigarriak emateko independentzia beharrezkoa dugu»
Ekiteaz eta gogoaz gain, urrats erabakigarriak emateko independentzia edo antzeko estatus juridikoa ere beharrezkoa dugu; gainontzean, aurrerapausotxoak besterik ezin izango ditugu eman. Hau ere ez ahaztea egokia, berrogei urte pasatxoko autonomiak eman duena eman baitu eta ez da su-festak botatzeko moduko emaitza. Botere politiko handiagorik gabe eta euskaltzaleok batu eta askoz ere aktibatuagorik gabe nekez aurreratuko dugu euskarak bere herrian egoki eta duin bizitzeko behar adina. Iraun bai, bizitza duinik ez; orain artean bezala jarraituz gero horixe izango da gure bertako eta berezko hizkuntzaren patua, euskal kulturarenarekin batera. Estatus juridiko potente samarra eta herri gogo euskaltzale indartsua uztartuta soilik aterako gara bigarren edo hirugarren mailako hizkuntza eta kultura gure herrian bertan izatetik.
«Gehiago atsegin ditut etorkizuneko ametsak iraganeko historia baino» (Thomas Jefferson).