Izeba Purita, eman, eman, eman…

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Azaldegi 2022ko urr. 3a, 07:58

Itziar eta Elena Arrieta, Purita ahizparen argazkia atzean dutela. OLATZ PEÑAGARIKANO

Duela lauzpabost urte izan ginen familiako batzu-batzuk Uruguain, batzuentzat ahizpa eta besteontzat izeba izan zen Garbiñe Arrieta Galarraga hil arte moja izan zenaren adiskideak bisitatzen. Guretzat izeba Purita zen, izebentzat Purita soilik, ahizpa baitzuten. Uruguain, Garbiñe gehienentzat eta moja-kideentzat, Pura. Asko lagundu zuen pobreen artean, HIESa zeukaten emakume haurdunentzat zentroa eraikitzen lagunduz, euskal errefuxiatuen babes handia izanez eta…

Asko maite zutela konturatu nintzen, etxeetan bere argazkiak zeuzkaten zintzilik paretetan eta ai ama!, nola hitz egiten ziguten oraindik izebez. Altzolako errefuxiatu Josuk bigarren amatzat zeukan, benetan. Hirurogei urte bete zituen egunean festa antolatu zioten Josuri lagunek eta bere hitzalditxoan hamar aldiz aipatu zuen «bere Garbiñe». «Ez dagoena baina hemen dagoena» esaten zuen etengabe. Hunkigarria guretzat.

 

«Asko lagundu zuen pobreen artean, HIESa zeukaten emakume haurdunentzat zentroa eraikitzen lagunduz, euskal errefuxiatuen babes handia izanez...»



Josu 24 urterekin iritsi zen Uruguaira, hango sukaldari sonatua egin zen, ez zioten barkatu eta zazpi urte eduki zuten kartzelan. Egun 64 ditu eta oraindik ezin du Euskal Herrira etorri. Mendekua ez bada hori, zer arraio da? Justizia ez behintzat. Txikitin Ortuellako errefuxiatua, Yolanda, Juana, Arantxa Baztarrika zena, Miren eta Aitor seme-alabak eta beren senar-emazteak, izebaren moja lagunak, Larraulgo Alex zendua eta alaba Maite, Chico alderdi laranjako kide jator askoa eta bere familia, Nurimar eta Susana ahizpak, Rosa erizaina, Turko, Gloria… Barkatu ahaztu ditudanak, ederki pasa genuen izebaren aitzakian eta haren goraipamenez gozatzen. Ea bueltatzen garen…, ea posible dudan. Eta hobeto, ea Altzolako Josu hemen ikusten dudan, aske behingoz. Izan ere, lekua baino jendearengatik itzuliko nintzateke, haiekin izateagatik; izan ere, lekuak hobeto ikus daitezke internet bidez.

Lana musu-truk egin zuenari, okerren daudenen alde egin zuenari, arazoak zituzten euskal herritarrei laguntzen zienari… horri, izeba Puritari alegia, miresmen puntua diote han. Gu, harro Puritaz eta baita Garbiñez ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!