Hala, lehenik eta behin, ez zuten diktadura epaitu haren giza-eskubide urraketa izugarriengatik; are gehiago, 1977an amnistiatu egin zuten diktadura osoa. Sinestezina, baina egia gordina bezain berdaderoa.
Erreformak, frankismoaren oinarrizko elementuak Konstituzioan txertatuta, honakoxe forma hartu zuen:
Burujabetza Espainiaren jabetza da soil-soilik, ez dago beste naziorik estatu honetan eta ez dute, jakina, autodeterminatzeko eskubiderik. Errepublikaren kontra altxatutako frankismoaren indar kolpista, polizial eta militar berberek, eskubide osoa dute Espainia bakarra, handia eta «askea» betirako izan dadin bermatzeko, 8. artikuluan argi geratzen den moduan.
Aberrazio politiko horri, estatu honetako herriak aintzat hartzen ez dituen horri, alegia, kontra egiten dionarentzat, Auzitegi Nazionala mantentzen dute epaitegi berezi moduan; frankismoko TOPa, frankismoan bezalaxe.
Esaldi batean esateko, diktadura frankistatik demokrazia frankistara igaro ginen, 1978an, Konstituzioarekin, Francok esan bezala, «dena ondo lotuta utzita».
Baldin eta mantentzen badira frankismoaren oinarrizko irizpideak, frankismoaren indar armatuak, frankismoaren babesean dirua egindako jendea, frankismoko epaileak, fiskalak eta abarrak, ez da ezer erreformatzen, ezinezkoa da. Frankismoak diktadura batetik demokrazia frankistara egin zuen aldaketa, ez besterik. Egia puñeteroa ere esan beharra dago: indar politiko gehien-gehienen babes osoarekin. Herri Batasuna hemen, eta ezkerreko indar txiki batzuk Espainian, hausturarik gabe aldaketarik ez zegoela esaka geratu ziren, eta horren kontra eginez. Denborak arrazoia eman die. Ez alferrik, alafede!
Argia aldizkarian irakurri berri diot Carles Puigdemonti: «Gutxietsi egin genuen Espainiaren izaera autoritarioa». Eta zur eta lur utzi nau, izan ere, goiko hori guztia onartu zutenak, berez aldatuko zirela pentsatzen al zuten katalanek? Benetan uste al zuten, espainolek ETAren indarkeriagatik urratzen zizkigutela, euskaldunoi, giza-eskubideak? Ez horixe. Konstituzio frankista horren aurka borrokatzeagatik torturatu, hil, sakabanatu… gaituzte euskaldunok. Ez zen metodo kontua, beren batasun sakralizatua zalantzan jartzeagatik egin dizkigute egindakoak eta, orain, katalanei ere beste horrenbeste egingo diete, beren Konstituzio frankistaren defentsan, katalanek metodo baketsuak erabili badituzte ere.
Jakingo ahal dugu demokrazia frankista honen aurka elkarrekin borroka egiten, estatuko nazio zapalduok eta demokrazian sinesten duten espainiar indar betiere ahul samarrek. Ze, Francoren indarrek bat egin dute berriro ere, Espainiaren batasuna arazoetan ikusitakoan, PP, Ciudadanos eta Vox izenak hartuta. Baina, «Ez dira pasatuko!».