Xalbador bertsolari handiak baditu perla ederrak eta egia galantak. Edozein borrokatan, zerbaiten alde edo kontra aritu den edonork daki, ideal horren alde egiteko aunitz maite behar dela. Euskararen aldeko herri ekimenetan, edo errauskailuaren kontrako plataforman; presoen aldeko mugidetan; ospitale publiko baten aldeko langintzan… Langintza idealista eta doako (gratis et amore) horietan sartzen garenean, ez dakiguna da, esaldiaren bigarren zatia: «Aunitz sofritzen du». Baita poztu ere, jakina; baina asko sufritu ere bai.
Asko ematen da egitasmo horietan, eta hasierako helburu normalean handietatik urrun geratzen gara, ia beti; utopia horietara zertxobait gerturatzea besterik ez dugu gehienetan lortzen. Eta, horrek, jakina, sufrimendua dakar, etsipena eta beheraldia, aldi baterako, behinik behin. Xede berberaren bila dabilen jendearen arteko harreman onek eta samurrek leun dezakete, nahi eta ezin hori. Horrek, ordea, badu maiz, bestelakotik ere, musutrukeko langintza altruista horretan: giza harremanak ere ozpintzea, batzuek bide honetatik joan nahi dutelako, helburuak lortzeko, eta bestetzuk aldamenekotik. Homo sapiens-sapiens espeziekook arraro samarrak izan bagarenez, horietan ere katramilatu eta, behar baino askoz ere gehiagotan, zalaparta eta letxe txarra agertzen dira: mina, alegia.
Hortaz, arestian aipatutakoa aintzat hartuta hastea opa diet esandako langintzetan hastekotan direnei; lorpen txikiek pozak emango dizkigutela jakinda, baina, tartean amorrazioak ere izango direla ahaztu gabe. Animo, gazitik badu ere, gozotik gehiago izaten du-eta!
Nehoiz ez zeraukula nik ez dut etsiko / gure kontzientzia atzartzen hasiko / egungo balentriak ez baitu betiko / Odolaren Mintzoa ixilaraziko.