Atsotitzak, esaerak, aforismoak… ederrak!

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Azaldegi 2019ko urt. 6a, 20:44

Modu batera edo bestera, guztiok gara ezinduak, detaile kontua besterik ez da. (Stephen Hawking)

Elkar ezagutzen ez dutenen arteko triskantza izugarria da gerra, elkar ezagutu bai baina triskantza jasaten ez dutenen probetxurako. (Paul Valéry)

Batek baino gehiagok zor dio arrakasta estreinako neska lagunari…, eta arrakastari, bigarren neska laguna. (Bernard Shaw)

Arrazoia da modu berdintsuan banatutako gauza gutxienetako bat: denok pentsatzen dugu nahikoa arrazoi badugula. (Descartes)

Gaitasun politikorik izan ez eta erantzuna kartzela edo errepresioa bada, nabarmen-nabarmena da demokrazia falta. (Killian Jornet)

Hitz egin aurretik entzun; egin baino lehen pentsatu; amore eman aurretik gogotik saiatu; komunera joandakoan, begiratu paperik badagoen. (Auskalo)

Denak ditu bi ikuspuntu: okerra dena eta geurea. (Batek daki)

Bi urte ematen ditugu hitz egiten ikasten, eta bizitza osoa, isiltzen ikasten. (Ernest Hemmingway)

Telebista da begietatik sartzen den lo-eragile bakarra. (Vitorio de Sica)

Askatasuna ez da koldarrentzat. (Gandhi)

Gizarte batean zerbaitek kale egiten du bizikleta estatiko batean ibiltzera, autoz goazenean. (Bill Nye)

Ona izatea ez da ergela izatearen sinonimo. Ergel batzuek ez dute ulertzen ona izatea bertutea denik. (Ezta arrastorik ere)

Politikoak eta fardelak maiz aldatu behar dira…, eta biak arrazoi berberagatik. (Bernard Shaw)

Tolosaldeko bi idazle bikainek badute liburu eder bana, beraiek sortutako aforismoz beteta: Karlos Linazasorok, Alferrik ez balitz, eta Juan Kruz Igerabidek, Labur txintan. Oskia Karrera argazkilariak ere argitara eman berri du Atsotitzak argazkitan liburu ederra, esaera eta argazki bikainez hornitua.

Nik adina disfruta ezazue irakurtzen eta aforismoei punta ateratzen liburuen zuriuneetan idatziz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!