Euskararen gotorlekua, zutabe sendoa, 40.000 lagunek osatzen dugu. Euskal herritarren %1,3 gara, euskararen bihotza. 800.000 euskaldun horietatik %5 alegia.
160.000 lagun gehiagok euskarazko produktuak aldian behin kontsumitzen ditu (urtean euskarazko libururen bat, aldian behin euskarazko telebista ikusi…). Euskal herritarren %5,3 eta euskaldunen %22.
Datuak eskasak dira zalantzarik gabe, baina badute gauza on bat: hobetzeko tarte ikaragarria daukagu. 2.200.000 lagun euskaldun ditzakegu, nahi badute eta baldintza egokiak jartzen baditu administrazioak, eta horren aldeko olatu erakargarria sortuz gero. 160.000 euskaldun kontsumitzaile eskas euskarazko produktuak erabiltzen edo kontsumitzen jar ditzakegu, konbentzituz gero eta gustuko produktuak ere eskaintzen badizkiegu; horrela, asko handituko genuke euskararen gotorlekua, oso garrantzitsua dena, bide batez esanda.
Produktu txarrak ez ditugu, baina hainbat lagunentzat-edo ez dute behar adinako erakargarritasunik, edota utziak dira eta ez dute euskarazko produkturik nahi eta behar. Gustura bizi dira espainolezko/frantsesezko produktuak erabiliaz.
Produktuak herritar askoren gustuetara egokitzea izan liteke egin beharretako bat, produktu berriak sortzea beste bat, edo literatura «arinagoa» egitea. Aipatutako produktu guztien propaganda handia egin behar da, 3.000.000 euskal herritarrak kontura daitezen euskarazko produktuak izan badirela batetik, eta bestetik, produktuak prestigiatzeko. Administrazioak eta produktuen industriak zein sortzaileek zeresan handia dute aipatu berri dudan horretan guztian.
Euskaraldia datorkigu udazkenean. Aukera polita izan daiteke, panorama ilun honi buelta ematen hasteko. Horretaz gain, euskarazko kulturaren legea egitea beharrezkoa izango da. Legeak berez ez du hobekuntzarik ekarriko, baina legerik gabe ezinezkoa izango da salto kualitatiborik ematea. Bestalde, Euskararen Legea 1982koa da eta egokitu beharra dago 2018tik aurrerako gure egoerara, modu ausartagoan normalizazioari heltzekotan.
Beno, badagoela zeregina alegia. Ea Euskaraldia den arestian aipatutako eta beste eginbeharren hasierako gunea, elkarlanari behingoz modu eraginkorrean ekiteko!