Zaharra naiz eta harro nago!

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Azaldegi 2018ko ira. 10a, 20:16

Euskalduna naiz eta harro nago kantatzen zuen Muguruzak. Erremerre naiz eta zer? Futbola ez zait gustatzen eta zer? Homosexuala naiz eta zer? Potoloa naiz eta zer? Txikia edo erraldoia naiz eta zer?... antzeztu edo esan izan dute maiz ausartek, oraindik ere ez baita hain erraza gizarte arau nagusien aurka joatea, itxurak itxura.

«Zaharrak trapuak dira» entzun izan dugu maiz norbaitengandik zaharra dela aditutakoan. Gizarte honetan erotu edo gutxienez txorabiatu gara «zaharra» hitzaren ordezko finagoa, edo min gutxiago egin dezakeena, edo … bilatzen eta erabiltzen. Zergatik sortzen du ebidentziak horrenbeste min edo ondoez ezin zahartuzko eta eredu fisiko jakin bat sustatzen duen gizarte honetan? Zahartu egiten gara, kitto gure Pintto! Eta bai, arazoak dakartza zahartzeak: artrosiak, artritisak, mugak… eta zer? Baina baita jakinduria, eskarmentua, pazientzia, grisak ikusteko ahalmena dena txuria edo beltza ikusi beharrean, eta abar. Jon Sarasuak oso egoki kantatu zuen: «Zaharra ez da izandakoa, luzaroan dena baizik». Eta gainera gaixotasun bat behintzat sendatzen du, dena jakitearena. Oscar Wildek esana: «Ez naiz dena jakiteko bezain gaztea».

Hirugarren adina, bigarren gaztaroa, urrezko garaia edo auskalo zenbat pitokeria gehiago asmatu eta erabiltzen ditugun zaharrari zahar ez deitzeagatik. Haur edo umearekin ez dugu arazorik, gaztearekin gutxiago, helduarekin ere ez eta pertsonon azkeneko sasoia izendatzeko, berriz, ala, eufemismo txoro ugari gora eta behera!

«Zahartzaroaren arazoa ez da zahartzea, gazte izaten jarraitu nahi izatea baizik» esan omen zuen Auskalok, nahiz eta Oscar Wildek esan zuela dioten. Nork esana gutxienekoa, ondo esana baita.

Benetan diotsuet, zahartu egin nahi dut orain naizena baino dezente gehiago, eta deitu zaharra arazorik gabe. Eskertuko dizuet «Kaixo zaharra» esanez hurbilduz gero Plaza Zaharrean edo zahar-etxean, ez izan zalantzarik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!