Horiek ontzat jotakoan, elkarbizitza errespetuan oinarritua gauzatu ahal izango da, bestela, berriro ere, trantsizioa izan zen diktaduraren amnistiaren antzekoa gertatuko da. ETAk aitortu eta «zinez sentitzen» duela esan du baina beste inork ez. ETA zigortu dute tortura eta kartzelara, eta besteek txintxoarena eta demokratarena egiten jarraituko dute, ezer aitortu gabe estatu terrorismoaz, torturez, presoen sakabanaketak senide eta lagunengan sortzen jarraitzen duen oinaze, diru-galera, zauritu eta hildakoez, diktadura lazgarriaren zikinkeria guztiaz, euskaldunok jasan eta jasaten dugun zokoratze, mespretxu eta bazterketez…
Bi egia horiek aitortu eta dagozkien neurriak hartu gabe, honek viña arcada mailako demokrazia izaten jarraituko du, ardo ondu baten mailako demokrazia izan beharrean, Suitzan, Kanadan, Britania Handian... daukatenaren parekoa.
Bi baldintza horiek bete ezean, gezurrean eta eskubide ezean oinarritutako «bixikidetxa» tristea izango dugu berriro ere, diktadura osoa amnistiatu zenetik daukagun mailakoa, Don Simon ardoaren mailakoa, Konstituzioaren lehendabiziko orriak irakurrita garbi geratzen den moduan, inork lan hori hartu nahi badu, zer esanik ez 155. artikulua arte iritsi nahi badu.
Helburu politiko guztiek egingarri izan behar dute demokrazia heldu eta taxuzko batean, eta hortik sortuko da bizikidetza sano eta errespetuzkoa, bestea orain artekoa izango da, zapaltzailearen konstituziopeko «bixikidetxa», handiak txikiari «izorrai» esaten dion horietakoa. Niri errespetuzkoa ikaragarri interesatzen zait, bestea bat ere ez, lehengoan jarraitzea baita, espainolak eskubide guztien jabe eta herri txikia azpian, menperatua, hizkuntza barne.