21-22

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Azaldegi 2017ko azaroaren 26a

Aurreko igandean gertatu zen Bilbon pilota partida batean. Bizkaitar bikotea (pilotaria eta botilero laguntzailea) menderatzaileen hizkuntza espainolean ari zen jo eta su gure bertako eta berezko hizkuntzan jarduten duen telebista gero eta txikiago zein indar gutxiagokoan.

Hala entzun nituen behin eta berriz bizkaitarrak, euskaldunak ere badirenak, baina bien artean hizkuntza hegemoniko eta mendeetan zehar gure herrian indar bidez sartutakoan. Espainolek azken hori nola lortu duten jakiteko, Joan Mari Torrealdairen El libro negro del euskera liburua irakurri besterik ez du nahi duenak, edo Euskararen kate hautsiak, edo… Beste liburu asko daude historia triste eta mingarri hau kontatzen dutenak, alegia, azaltzen digutenak nola lortu duten espainola Hego Euskal Herriko hizkuntza izatea.

Beste aldean, bi euli (hala deitzen diegu amezketarrei), Jokin Altuna pilotaria eta Ekaitz Saralegi laguntzailea, biak euskaraz jo eta ke, hitano zoragarri bezain gatz eta piperdunean.

Oso gutxitan gertatzen da mundu honetan txikiak handiari irabaztea, askotan aditu dugu David eta Goliatena, baina, aizue, normalean handiak jan izan du hemen txikia.

Igandean, ordea, ez. Bertako eta berezko hizkuntzan jarduten zutenek irabazi zuten partida eta bide batez, oso garrantzitsua dena, jarrera eredugarria erakutsi ziguten denoi. Lizardik «noranahikoa» nahi zuen hizkuntza erabiliz irabazi zuten txapelketa.

Zorionik beroenak Jokini eta Ekaitzi, eta eskerrik asko euskaldunak eta Euskal Herria izango bagara zein hizkuntzatan jardun behar dugun praktikan erakusteagatik. Bestela Espainia izango gara nahi edo nahi ez. Erabilera da bidea, ahoz zein idatziz!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!