'Idotesak' eta dalai lama

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Azaldegi 2017ko irailaren 17a

Itxura guztien arabera, nolabaiteko demokrazia Grezian sortu zen aspaldi samarrean. Nolabaiteko demokrazia diot, izan ere, emakumeek, esklaboek... ezin zuten bozkarik eman, bueltan bueltan, herritarren %10ak-edo zeukan botoa emateko eskubidea; hortaz, nolabaitekoarekin utziko dugu Greziako garai hartako demokrazia ere. Demokrazia asmatzen hasi zirela onartu behar diegu greziarrei, muga asko eta bidegabeak izan arren.

Sasoi hartako Grezian, goraipatuak eta izen onekoak ziren norberaren gai partikular eta pribatuak utzita gizarte osoaren gaiez, arazoez, kontuez, ongizateaz... arduratzen zirenak; eta alderantziz, norberaren onurarako jarduten zutenek bazuten beren definizioa ere: idotesak. Berekoitzat jotzen zituzten idotesak eta, nonbait, ez zuen inork idotes izan nahi. Hala diote historia liburuek behinik behin.

Demokraziak aurrera egin eta dagoeneko ez dago ageriko esklabotzarik (nahiz eta badauden, esklaboak baino okerrago, lau xentimoren truke lanean ari diren umeak, multinazionalen esku, maiz), eta mundu honetako toki batzuetan emakumeek lortu dute, latz borrokatuta eta gorri ordainduta, bozka emateko eskubidea, baina hori ere duela bi egun esate batera, e! Demokraziak aurrera egin du idotesek ez bezala jokatuta, denen onuren alde gutxi batzuk asko emanda normalean. Hondarribia eta Irungo alarde parekideen alde ari direnak latzak pasatzen, errauskailu malapartatuaren aurka ari direnak denon osasuna gogoan, errefuxiatuen alde, euskaraz bizi nahian ari garenok euskarazko produktuak kontsumituz zu zeu irakurle orain ari zaren bezala eta abar luze-luzea.

Dalai lamek, pentsalari on guztiek bezalaxe, perla eleganteak utzi izan dizkigute: «Gure helburua lagun hurkoa laguntzea da; ezin baduzu, gutxienez ez kalterik egin». Eta Gipuzkoan beharrezkoa ez den eta gaixotasun larriak sortzen dituen errauskailua eraikitzen hasi ez dira bada! Nola da posible lagun hurkoari kaltea opatzea irtenbide ekologikoagoak, merkeagoak eta lanpostu gehiago sortzen dituztenak izanda? Nola liteke, ordea, Europa baztertzen ari den hondakinen kudeaketa-sistema zahartua Gipuzkoan ezartzea? Nola da posible garai honetan hondakinak erre nahi izatea, Europak aurreko Gipuzkoako plangintza (errauskailurik gabea) txalotu eta eredugarritzat jo zuenean? Ai gure idotesak! Ai gizarte honetan denok harrapatu gaituen diru goseak! Ai diruaren aurrean zein gutxi balio duten dalai lamen esaldi jakintsuek!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!