Oraingo gazte eroak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Azaldegi 2017ko uzt. 2a, 13:57

Joxe Azurmendi pentsalari handiaren liburu baten izenburua da goikoa, ETAren hasierako urteetako giro politiko eta soziala agertzen dituena. Urte batzuk ditugunoi oraingoak ere halakoxeak iruditzen zaizkigu maiz; normala, adinak ez baitu barkatzen.

Duela pare bat urteko inauterietan alkohol tasa altua barra-barra dabilen ordu txikietan, duela urtebete-edo gaztetxea izatea nahi zuten etxearen aurrean eserialdia egitean Tolosan ere edota Altsasun goizaldean izandako liskar alkoholez blaiko batean…. harrapatuta, gazte dezente neurri gabeko kartzela zigorren aurrean aurkitzen dira berriro ere, izan ere herri honetan kutxazain automatiko bat erretzeagatik 12 urte kartzelan pasa dituenik bai baita.

Ez da txalogarria egindakoa, jakina, eserialdia kenduta arbuiagarritzat joko nituzke beste biak baina nondik gatozen eta indar armatuek duten karga eta aspaldidanik sortutako ondoeza kontuan izan gabe ere ez dago epaitzerik gertatua. Hemengo eta kanpoko indar armatuek jokabide zehatza izan dute urte luzeetan herri honekin, arbuiagarritzat jo litekeena ezbairik gabe beren hainbat saiotan (manifak desegitean, Joxi eta Joxeanen lurperatzean, bereizi gabeko atxiloketetan, tortura sistematikoan, jarraipen lotsagabeetan, estatu terrorismoan…). Hortik gatoz, oraindik erreibindikatu gabeko giza eskubideen urraketa handiak egitetik indar armatuen partetik, tentsio politiko handi batetik alegia.

Inor ez dute hil gazte horiek, hala ere, ezin dugu ahaztu kolpatuak izan direla indar armatuetako kideak. Kartzela eskaera: 6 urte edo gehiago. Iñigo Cabacas hiltzen du ertzaintzak eta inor ez kartzelan, eta kolpeek sortutako zauri batzuengatik 6 urteko kartzela zigor eskaera. Helduok burutik sano al gaude? Gazteak soilik dabiltza ero?

2017an gaude eta ETA kenduta, inork ez du hemen aitortu azkeneko 40 urteotan egindako giza eskubideen urraketarik, eta aurreko 40 urteko diktadura oso-osoa amnistiatu egin zen 1977an. Inork ez du torturatu, inork ez du beste aldera begiratu beste batzuk torturatzen ari ziren bitartean, GAL eta abarrak sortu zituztenekin gobernatzeko arazo izpirik ez, frankista erreziklatuek ere (40 urteko diktadura lazgarria babestu zutenek) ez dute ezer aitortu beren giza eskubideen urraketaz. Inor ez kartzelan goiko guztiagatik, eta Altsasuko gazteak kartzelan eta tolosarrak kartzelarako bidean.

«Oraingo gazte eroak» bainoago oraingo heldu eroen garaian gaudela dirudi, itxura guztien arabera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!