Aberri egunean bandera espainiarra

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Azaldegi 2017ko mai. 21a, 21:03

Hortxe nindoan egun seinalatuan Naparzubitik Tolosako udaletxe aldera eta hara nire ezustea: Udaletxeko balkoi nagusitik zintzilik Espainiako Errepublika garaiko bandera espainiarra. Barrenak zimiko egin zidan, Aberri Eguna eta bandera hori udaletxeko masta garrantzitsuenean. Tristura.

Ez nauzue banderazalea nahiz eta gurean etxeko norbaitek Euskal Herrikoa zintzilikatu zuen. Beno! pentsatu nuen, Aberri Eguna, herri ukatua, beno… Ez nuen kontra egin.

Banderek beren tokian egon behar dutela pentsatzen dut, alegia, toki ofizialetan (udaletxe, Jaurlaritza…) eta hortik kanpo ez dakit zenbateraino duten zentzu handirik. Baina Euskal Herri ukatu honetan gureak egon behar duela pentsatzen dut, ez besterik. Oso toki gutxi eta seinalatuetan, baina gurea. Besteak? Beren herrietako toki gutxi eta seinalatuetan. Banderen izenean astakeria izugarriak egin dira mundu honetan, batik bat, estatu handien banderen izenean; hortaz, banderak beren tokitxoetan hobeto.

1936tik 1939ra eta ondorengo urteetan izugarrikeria handiak jasan zituzten ikurrinaren eta Espainiako Errepublikaren banderaren alde egin zutenek; beraz, ulertzen dut apirilaren 14an Espainiako bandera udaletxean zintzilikatzea, elkarrekin jasandako sufrikarioa eta estatu kolpea salatzeko. Bide batez esanda, sufrikarioak, hilketa masiboak, tortura lazgarriak, estatu kolpea… 1977an amnistiatuak izan ziren, egun bat bera ere inork kartzelan pasa gabe, egindakoak egin eta gero; hemen Nurembergik ez zela izan alegia, eta hortik, jakina, egungo demokrazia atera da, ezinbestean ustela, jauntxoena eta espainiarra. Eta Espainian inork ez zuen diktadurarekin hausteko eskatu erreforma demokratiko fundamentuzkoa gerta zedin, eta hemen ere indar politiko bakarrak eskatu zuen, bakar-bakarrik urte luzez.

Bandera espainiarrak Aberri Egunean han jarraitzeak zur eta lur, erabat txundituta utzi ninduen. Ahaztura handia iruditu zitzaidan udalaren partetik. Bandera hori apirilaren 14an, bai, hortik aurrera, ez. Eta Aberri Egunean… en fin! Ez dira nahastu behar banderak eta egun seinalatuak, nire ustez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!