Igarondoko urpekariak, Munduko Kopan

Erabiltzailearen aurpegia Igarondo Urpekoak 2016ko ekainaren 20a

Pasa den asteburuan ospatu da Pragan, Txekian, Beteranoen III. Hegats Igeriketako Munduko Kopa

Txapelketa horretan, 30 eta 70 urte bitarteko 200 igerilari baino gehiagok hartu dute parte: Europa osotik etorritakoak, baita Japon edota Kolonbia bezalako herrialdeetatik gerturatutakoak ere.

Igarondo Urpekoak talde tolosarrak, 4 igerilari izan ditu bertan. Patxi Monge eta Gregorio Mancisidor igerilekuko probetan, eta Jose Ramon Lazkanotegi eta Jose Mari Zamora ur irekietako probetan. Eta parte hartu bakarrik ez; hainbat domina ere lortu dituzte.

50 metroko apnea proban, zilarra irabazi zuen Mongek, eta Mancisidorrek seigarren egin zuen. Ur-gaineko 50 metroko proban, brontzezko domina Mongerentzat, eta 8. Postua Mancisidorrentzat; bestalde, ur-gaineko 100 metrotan, 4. Eta 7. Postuak eskuratu zituzten, hurrenez hurren.

Lazkanotegik ere, zilarrezko domina eskuratu du; kasu honetan, ur irekietako 3000 metroko proban, 45 eta 55 urte artekoen kategorian. Zamorak berriz, brontzezko domina lortu zuen proba berean, baina 35 eta 45 urte artekoen kategorian.

Aste buru polita bete dute gure hegats igerilariek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!