Irati Lakunzak urrezko domina lortu du Munduko Koparen 4. jardunaldian

Erabiltzailearen aurpegia Igarondo Urpekoak 2016ko api. 6a, 11:15

Igarondo Uperkoakek badu urtero erronka berezi bat: nazioarteko probaren batean lehiatzeko aukera bereganatzea, munduko hegats-igerilari onenen aldamenean parte hartzeko.

Joan den asteburuan, Frantziako Aix en Provenceraino bidaiatu du taldeak non hegats-igeriketako Munduko Kopa lortzeko IV. txapelketa ospatu den. Bertara 79 taldetako 475 igerilari gerturatu dira Europa osotik eta baita Kolonbia bezalako herrialdeetatik ere. Igarondo Urpekoakek 4 igerilari senior eta 4 junior izan ditu bertan taldea ordezkatzen.

Sekulakoa izan da taldearen poza, aurreikuspen guztien gainetik, Irati Lakunza eskafandra modalitateko 400 metrotan txapeldun geratu ondoren. Nazioartean etorkizun oparoa izango duen neska dela berretsi du, berriro ere, ur-gaineko 200 metrotan ere partehartze bikaina erakutsi ondoren. Emakumezkoen 50 eta 100 metrotako frogetan izan zen Olatz Eizmendi taldekidea ere, eta hobekuntza garbia erakusten jarraitzen du.

Gizonezkoetan Aras Karakus eta Unai Eraso izan ziren lehiatzen. Lehenengoa, bere denboretan mantendu zen bai apnea proban baita eskafandra modalitatean ere, azken honetan jada bereganatuta duelarik Greziako Mundialerako txartela. Unai Erasok joan den denboraldiko markak erraz jaitsi ditu eta ziur gaude udarako Espainiko txapelketan lehiatzeko behar hainako markak lortuko dituela.

Juniorrei dagokienez, bikain aritu zen Intza Egizabal, bai 50 apneako baita 100 metroko frogan ere 11. postua lortuz. Maria Magrok, bere aurreratzea berretsi zuen 200 metroko frogan 2 minutuen muga gaindituaz. Maddi Goenaga eta Irati Izagirrerentzat estreinua izan da asteburu honetakoa froga mota hauetan. Beraien markak nabarmenki jaitsi dituzte eta entrenamentuetan egiten ari diren lana ikusi da. Ez dute asko beharko dutenik horrelako txapelketetan nola ibili ikasteko.

Junior kategoriako 4 partaideek, merezitako 7. postua irabazi zuten erreleboetan. Ezin gehiago eskatu talde teknikotik.

Txapelketa honekin amaiera eman diogu neguko denboraldiari. Orain, zeharkaldien garaia iritsi da eta ondoren, lehiaketa garrantzitsuak etorriko zaizkigu udararekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!