Ezin zaio gehiagorik eskatu joan den asteburu honetan, Bartzelonako San Jordi igerilekuetan ospatu den autonomia arteko Txapelketa Nazionalari. Euskadiko selekzioarekin parte hartu duten gure taldeko hiru ordezkarietatik bik, Espainiako errekorra lortu baitute. Era berean, Grezian datorren ekainean ospatuko den Munduko Txapelketara igarotzeko txartela ere eskuratu dute.
Irati Lakunzarena itzela izan da. Duela bi aste Ordizian 200 metroko modalitatean lortu zuen errekorrari, beste bi gehitu dizkio: ur-gaineko 400 metrotan, eta eskafandra-modalitatean 400 metrotan. Bere markak 3’31”00koa, eta 3’18”61koa izan dira, hurrenez hurren. Eta denbora hauekin, noski, urrezko bi dominak ere ekarri ditu etxera. Baina hau ez da guztia: eskafandra modalitatean, 100 metrotan beste urrezko domina lortu du; eta ur-gaineko 4x100 erreleboetan, brontzezkoa.
Alegia, hiru marka gainditu ditu bi astetan, eta 4 domina etxeratu ditu. Ezin hitzekin azaldu.
Aras Karakus izan da hirugarren errekorra lortu duena. Eskafandra modalitateko 100 metrotan lortu du, 35”58ko markarekin, eta urrezko domina nahiz Greziarako txartel zuzena lortu ditu honi esker. Baina Arasek ere, ez zuen hau izan lorpen bakarra: ur-gaineko 4x100 erreleboetan zilarrezko domina lortu du, eta ondo landutako bi bostgarren postu, 50 metrotan.
Meritu handiko da Munduko Txapelketarako biek lortu duten sailkapena. Izan ere, minimoak oso gogorrak dira, eta errekorrak gainditu behar dituzte, mundialerako postu gutxiengatik borrokan ari diren lehiakideak gainditzeko.
Ez dugu hala ere Olatz Eizmendi taldekidea ahazten. Lanean hasi denetik, egundoko aurreratzea lortu baitu. Ur-gaineko 50 eta 100 metroko probetan hartu du parte, eta 50”ko muga gainditzeko oso gutxiren faltan gelditu da. Eta berak ere lortu du brontzezko domina, Iratirekin batera lehiatutako ur-gaineko 4x100 erreleboetan.
Ezinbestekoa zaigu talde osoa zoriontzea; eta, nola ez, guzti honen atzean dagoen Jon Espina.
Bi astetan, Aix-en-Provenzen ospatuko den Munduko Txapelketaren zain gelditzen gara orain; zalantzarik gabe, emaitza onak espero ditugu.