Hegats-igeriketako Ordizia Saria ospatu zen pasa den larunbatean, eta Irati Lakunza izan zen txapelketaren protagonista nagusia, ur-gaineko 50 metrotan irabazteaz gain, Espainiako ur-gaineko 200 metrotan errekorra lortu zuen. 15 urtez garaitu ez zen marka gainditu zuen, ordu bat 35 minutu eta 85 segundoko denborarekin. Uda honetan Grezian egingo den Munduko Txapelketarako sailkatu da.
Espainiar Estatuko 200 igerilari baino gehiagok hartu zuten parte. Euren artean, Igarondo Urpekoak talde tolosarreko 12 partaide aritu ziren. Aras Karakusi, berriz, «ez zitzaizkion gauzak hain ongi atera», eta 2. gelditu zen 100eko eskafandra proban. «Asko espero da berarengandik Bartzelonan burutuko den autonomia arteko txapelketan, eta mundialerako denbora minimoa lortzea du helburu», adierazi dute taldetik. Senior taldearekin lehiatu ziren Olatz Eizmendi eta Unai Eraso ere, 4x100eko errelebo mistoan lehiatuz eta 4. postua lortuz.
Infantil kategorian «ilusioz eta gogoz» ari dira hartzen euren lehenengo txapelketeko denboraldia taldetik adierazi dutenez. Ur gaineko 50eko proban, Nora Sarasola, Nerea Telleria, June Lopetegi, Haizea Izagirre, Naroa Artola, Sara Goenaga eta Manex Huartek hartu zuten parte. Markel Arrizibita eta Garazi Goenaga, 50ekoaz gain, ur-gaineko 200ekan ere lehiatu ziren.
Igarondo Urpekoak taldeak «bikain» hasi du neguko denboraldia, eta bi aste barru iritsiko diren txapelketan zain daude orain: «Espainiar Estatuko autonomien arteko txapelketa, eta Aix en Provence herri frantsesean burutuko den Munduko Kopa».