Errekorrak eta dominak Igarondoko igerilarientzat Bartzelonan eta Iruñean

Erabiltzailearen aurpegia Igarondo Urpekoak 2015ko mar. 31a, 12:58

Bi asteburu gogor, baino izugarrizko lorpenekin izan dituzte hegats igeriketako taldekoek.

Aurreko asteburuan Bartzelonan Kluben arteko Munduko Kopa ospatu zen. Han, hamasei herrialdetatik joandako 550 hegats igerilarik hartu zuten parte, eta bertan, munduko igerilaririk onenak izan ziren. Igarondo Urpekoak taldeko sei igerilari Bartzelonan izan ziren.

Aras Karakus tolosarra izan zen emaitza bikainenak lortu zituen igerilaria. Espainiako errekorra jarri zuen 100 metro eskafandra proban, 35:94ko denborarekin. Baina hurrengo seriean igeri egin zuen Jose Antonio Perez valentziarrak marka kendu zion. Hemen ikusten da hegats igeriketaren maila asko igotzen ari dela, eta munduko txapelketara joateko txartela lortu nahi duenak lan gogorra egin behar duela.

Aras Karakusek Euskadiko errekorra ere jarri zuen 50 metro ur azpiko proban, 15:84-ko izugarrizko denborarekin.

Irati Lakunza ez zen bere gustuko probetan ibili, baina hala eta guztiz ere, Espainiako igerilarien artean bigarren gelditu zen. Bai 100 eskanfandran eta baita 400 ur gainean ere.

Maria Magro, Intza Egizabal, Olatz Eizmendi eta Izadi Egizabal igerilarientzat esperientzia oso polita izan zen, eta zihur gaude asko ikasi zutela eta etorkizuna beraiena dela.

Euskadiko selekzioarekin
Bestalde, asteburu honetan Iruñeko Amaia taldearen igerilekuetan, erkidegoen arteko Espainiako txapelketa jokatu zen. Bertan, Euskadiko selekzioarekin Aras Karakus, Irati Lakunza, Intza Egizabal eta Olatz Eizmendi egon ziren, eta izugarrizko emaitzak ekarri zituzten etxera.

Lakunza bere gustuko proban ibili zen, 400 metro eskafandran, eta berriz ere Espainiako errekorra egitea lortu zuen: 3:21:15eko denborarekin. 400 metrokoan beste urrezko domina bat lortu zuen, eta 100 metrotan zilarrezkoarekin geratu zen.

Arasek aurreko asteburuko denborak ezin izan zituen hobetu, baina 100 eskafandran urrezko domina lortu zuen, 50 apnean txokolatezko domina, hau da,  laugarren postu gazia lortu zuen.

Emaitza horiekin, Txinan uztailan ospatuko den Munduko Txapelketan egongo dira biak. Zoriontzea besterik ez zaigu geratzen, beraz. 

Intza Egizabal gazteak etorkizun izugarria daukala erakutsi zigun berriro ere, baina txapelketa hauetan izugarrizko maila egon da eta ikasteko ederki etorri zaio.

Olatz Eizmendik bere markak hobetuz jarraitzen du, eta pixkana maila hartzen ari da.

Azkenik, ezin zoriondu gabe utzi Jon Espina eta Eneko Garcia entrenatzaileak, egunerokoan egiten duten lan bikainagatik. 

Zorionak guztiei!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!