PSIKOPEDAGOGIA

Ikasle perfektuaren zama

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Apaolaza 2026ko martxoaren 15a

Ikasle batzuek emaitza oso onak lortzen dituzte, lan asko egiten dute eta oso zorrotzak dira beren buruarekin. Klasean ongi ikusiak dira, eta irakasleek haiei buruz zer pentsatzen duten garrantzitsua da beraientzat.

Talde lanetan arduratsuak dira, eta lanak oso ongi egiteko gai direnez, beste ikasleren batek proiektuaren bere zatia erdi-ipurdika egiten badu, aldatu egiten dute edota beste ikaslearen lana beraiek egiten dute.

Ikasle onak direnez —errespetuzkoak direlako, beti parte hartzen dutelako, lanak eginda izaten dituztelako eta emaitza onak lortzen dituztelako—, askotan irakasleentzat komodin bihurtzen dira. Hau da, lan gutxi egiten duen talderen bat edo ikasle arazodunen bat dagoenean, maiz ikasle arduratsuaren taldean sartzen dituzte, taldea aurrera eramateko edo bultzatzeko.

Era berean, eskolan lehiaketaren batean parte hartu behar bada, sarri haiek izaten dira aukeratuak, eta askotan asko kostatzen zaie ezetz esatea, nahiz eta benetan nahi ez izan.

«Ikasle hauetako askok talde-lanaren zama, azterketen zama eta emaitzen zama dituzte gainean»

Beraz, ikasle hauetako askok talde-lanaren zama, azterketen zama eta emaitzen zama dituzte gainean, eta antsietate egoerak bizitzen dituzte. Ikasle perfektuaren rola hartzen dute, eta perfekzio maila mantentzen saiatzean energia asko xahutzen dute, sarri beren autoestimua kaltetuz.

Gurasoen eta irakasleen aldetik, ordea, egoera hauek ez dira beti detektatzen, normalean ez direlako kexatzen. Onartua dute beren papera hori dela, nahiz eta benetan hala izan behar ez duen. Azken finean, beraiek ikasleak dira, eta besteen eskubide berdinak dituzte. Ez dute lantaldea bultzatu beharrik, ezta beste ikasleak lagundu beharrik ere benetan nahi ez badute; hori irakaslearen lana da eta.

Era berean, eskubidea dute lantaldean profil bereko ikasle langile eta arduratsu batekin egoteko, edota lehiaketaren batean parte hartzeari uko egiteko.

Ikasle hauen beharrak ere aitortu eta artatu egin behar dira, pisu gehiegik ito baino lehen. Beraiek gelako dinamikaren zati garrantzitsua dira, baina inoiz ez dira beste ikasleen ikasketa prozesuaren arduradunak. Ardura hori irakasleena eta ikasle bakoitzarena da. Beraz, bakoitzak egin dezala bere ibilbidea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!