PSIKOPEDAGOGIA

Ikasturte berriaren erronkak

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Apaolaza 2025eko urriaren 12a

Oporrak amaituta, gurasoak eta ikasleak martxan dira berriro, eta horrek erronka berriak sortuko ditu familia gehienetan. Etxeko txikienek eskolan egokitzapen fasea badute ere, gainerako ikasle guztiek ere biziko dute ikasturte hasierako erronkaren fasea.

Nola eragin dezake?

• Urduritasuna. Seme-alaba urduri egon daiteke egoera berriak sortzen dizkion beldurrak eta segurtasun ezak tartean direlako. Beraz, desafiatzaileago egon daiteke, isolatuago, lo gaizki egin dezake, gutxiago edo gehiago jan dezake, azkar haserretu daiteke, eta negarra ere agertu daiteke.

• Haur desafiatzaileak. Haur batzuek euren egonezina aterako dute heldua neurtzen. Beraz, heldua neurtzeko bide ezberdinak erabiliko dituzte: gaizki portatuko dira, gelan molestatuko dute, erantzun txarrak emango dituzte... Puntu honetan, garrantzitsua da heldua, kasu honetan gurasoak zein irakasleak, haurraren desafio portaeraz jabetzea eta limiteak jartzea. Bestela, haurrak desafiatzen jarraituko du eta bere portaera arazoak larritu egingo dira.

• Loa. Erronkak desafioak gisa ulertu behar ditugu. Honela, ohikoa izango da seme-alabak kontu ezberdinei buruari bueltak ematea, lasai dagoenean batik bat; egunean zehar bizi izan dituen egoeren inguruan kezkatuko da, hain zuzen ere. Beraz, euren gorputza egun osoan zehar tentsioan dagoenez, gauean ezingo dute deskonektatu ezta atsedenik hartu ere. Gainera, udako lo ordutegiak oraindik orain bere eragina izan dezake, eta gorputzak denbora bat behar izango du loa doitzeko.

• Beldurrak eta konplexuak. Ikasleak, batik bat nerabeak, konplexuz beteak egoten dira, eta beldur diete lagunen kritikei. Institutuan edo unibertsitatean hasten direnean, taldearen beharra izaten dute, baina kasu askotan, taldea oraindik eratu gabe egongo da, taldekide gehienak berriak direlako. Ondorioz, ikasle askok urduritasun krisiak izaten dituzte, baina taldea eratu ahala, gutxitzen joango dira krisi hauek.

Bizitza erronkaz beteta dago, eta erronkei aurre egiten ikasi behar dute haurrek, txiki-txikitatik. Honela, ikasturtearen hasiera erronkei eta kezka berriei atea irekitzeko unea izaten da, egokitzapenaren garaia, alegia. Orduan eta hobeto egokitzen badira gurasoak zein seme-alabak, orduan eta hobeto helduko diete erronkei, eta hobeto kudeatuko dituzte. Beraz, arnasa sakon hartu eta egin diezaiogun aurre ikasturte berriari

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!