PSIKOPEDAGOGIA

Sare sozialak, mugikorrak, tabletak… Non dago muga?

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Apaolaza 2025ko mar. 23a, 16:59

Sare sozialak, Internet, mugikorren gehiegizko erabilpena… pil-pilean dauden gaiak dira, eta asko eta asko horiekin kezkatuta daude. Non dago muga? Adina, erabilera, noiz, zertarako?

Zalantzarik ez dago Internetek eta sare sozialek bereziki, gure bizitza bizitzeko eta ikusteko modua aldatu dutela. Batzuk ez ginen Interneten garaian jaio baina ondorengo guztiak bai, beraz, muga denentzat edo batzuentzat bakarrik izan behar da? Zein arrisku daude, batez ere, sare sozialen atzean?

Hona hemen arrisku batzuk:

  • KONTROLA. Aplikazioa sortu dutenek erabiltzaileen kontrola nahi dute, beraien ideiak eta portaera moldeatu nahi dituzte. Horretarako, adinaren arabera, influencer-ak erabiltzen dituzte. Influencer-ak sareetan beraien bizitza eta ideiak saltzen dituzten pertsonaiak dira, erabiltzaileen bisitak jasotzen dituzte eta, erabiltzailea kontziente ez bada ere, influencer-a imitatzera joko du.

 

  • ONESPENA. LIKE. Sare sozialekin jarraituz, erabiltzaileak, bai gazte zein heldu, besteen onespena lortu nahian bere bizitzako momentuak igoko ditu sareetara, askotan, haur txikiak zein nerabeak, atzean dauden arriskuak kalkulatu gabe. Ez dakigu, gure informazio pertsonala noraino irits daitekeen eta zer eragina izango duen etorkizunean. Horrela, guraso batek bere haurraren argazki bat igotzen badu, edo gazte batek argazki ez egoki bat —parrandan edanda, probokatzailea—, argazki hori sarean geratuko da, eta ez dakigu nork ikusiko duen eta zer erabilpen emango dion. Beraz, bakoitzaren pribatutasun eskubidea zapaldu daiteke.

 

  • DENBORA GALTZEA. Heldu zein gazte askok orduak igarotzen dituzte pantailari begira, beste ekintza osasungarriak alde batera utziz —irakurtzea, harremanak izatea, familian denbora igarotzea—.

 

  • MAITASUN BIRTUALAK. Hainbat aplikazio daude maitasun harremanak sortzeko. Tamalez, pertsona batzuk perfil faltsuak sortzen dituzte eta, honek kalte handiak sor ditzake, beste pertsona, biktima kasu honetan, maitemintzen delako eta informazio pribatua tartekatzen duelako.

 

  • ARDURAK. Gazte askori gertatzen zaie, batez ere, sare sozialetan edo joko birtualetan denbora asko igarotzea eta beraien ardurak, ikasketak adibidez, alde batera uztea, batzuk loari ere orduak kentzen dizkiotelarik.

Zalantzarik ez dago Internet gure bizitzako zati bat dela, onura asko dituena baina erabilpenaren inguruan, onurak eta kalteak ongi aztertu eta mugak ongi zehaztu beharko liratekeela uste dut, gizarte mailako gai garrantzitsua delako. Hala ere, oraingoan ere, teknologiaren oso atzetik goaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!