Etxe askotako kezka da nola kudeatu edo bideratu seme-alabek duten harremana sare sozialekin; izan ere, hainbat liskarren iturri izaten dira. Teknologiarekin jaio diren gazte eta haurrek erraztasun handiz maneiatzen dituzte sare sozialak, eta ez dute ez arriskurik ez mugarik ikusten.
«Haur eta gazteek ez dute ez arriskurik ez mugarik ikusten sare sozialetan»
Zein arriskuaz ari gara?
- EBIDENTZIAN JARTZEA: Hainbat publikazioren bitartez, adibidez, arropa gutxirekin igotako argazkietan edo lagunekin mozkortuta azaltzen garenetan irudi zehatz bat ematen ari gara. Irudi zehatz bat zabaltzen dugu mundu zabalera, eta horrek arazoak sor ditzake.
- DEPENDENTZIA: Like-en menpe bizitzea: «Honek 'like' eman dit eta honek ez, beraz ez da nire laguna…». Honela, denbora guztia publikazio «atseginak» nola egin pentsatzen eman dezakegu.
- ESTEREOTIPOAK: Instagram eta TikTok bezalako sareek gazteei nola jantzi edo zer pentsatu bezalako mezuak bidaltzen dizkiete oharkabean. Lehen, telebistak egiten zuena, orain, sare sozialek edo Netflix-eko serieek hartu dute erreleboa, batik bat gazteei dagokionean.
- HARREMANAK: Askotan gezurretakoak dira; hau da, kontu faltsuen bitartez eraikitzen dira harremanak. Aurpegia ikusten ez denez, erraza da kontu faltsuarekin engainatzea. Zenbaitetan ustezko gazte horren atzean heldu bat egon daiteke, lekuz kanpo dagoen informazioaren edo argazkien bila.
Hala ere, beste alderdiari begira jarriz gero, sare sozialek alde ona ere badute. Elkarren berri izateko balio dute, eta gazte askok era pribatuan, bere lagunekin harremanetan jartzeko erabiltzen dituzte. Era berean, munduari begira leiho bat irekitzeko ere balio dute: bidaiatzeko, beste txokoetako jendearekin harremanak izateko edota lan kontuetarako ere.
Gakoa, askotan esaten dugun bezala, prebentzioan, negoziaketan eta mugetan datza, eta gu heldu bezala eredu izan behar gara. Izan ere, zentzu eskasa dauka seme-alabari mugikorra edota sare sozialak debekatzea, gero helduak berak bere seme-alaben argazkiak Facebook-era edo Instagram-era igotzen baditu, edota mugikorraren aurrean orduak pasatzen baditu.