Ume «lotsagabeak»

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Apaolaza 2024ko urr. 4a, 17:00

Izaera eta portaera desberdineko haurrak daude, hori ez da ezer berria. Berria ez den bezala helduok sailkatzeko, eta tamalez, etiketak jartzeko daukagun joera hori.

Haur edo ume batek portaera lotsagabea izaten duenean, izaera eta arrazoi emozionalak egoten dira horren atzean. Normalean, ume mugituak izaten dira honakoak; mugak onartzea kostatzen zaie, eta euren urduritasuna kontrolatzeko portaera ez-egokia azaltzen dute.

Haur hauek estimulu asko dauden lekuan —supermerkatu bat, jendez betetako plaza bat, kultur ekitaldi bat, familiako bazkari bat, eskolako klase «aspergarri» bat— hau da, eroso ez daudenean, mugitzen, molestatzen, eta kasu batzuetan, hitz itsusiak oihukatzen hasiko dira. Beraien urduritasuna modu ez-egokian ateratzen dute, eta tamalez, ume «lotsagabe» edo «arazodun» gisa etiketatzen dira.

Zer egin dezakegu heldu edo guraso bezala?

  • ARNASA SAKON HARTU: Haur hauek nekagarriak izaten dira, emozioak intentsibitate handiekin bizitzen dituztelako. Oso sentiberak dira, eta momentu motzean, heldua limitera eramateko gaitasuna dute, baina segidan, jada lasaitu direnean, oso maitagarriak izaten dira.
  • EGOERA AZTERTU: Non gaude? Zer gertatzen ari da? Zein da nire papera egoera honetan? Haurra harro-harro eginda molestatzen badabil, kasketa harrapatu badu, egoera segituan moztu behar da, okertu baino lehen.
  • LASAITASUNA MANTENDU: Nahiz eta zaila izan, haurrak heldua behar du oraindik ez delako gai bere burua lasaitzeko. Horregatik, lasaitasunetik hitz egin behar zaio haurrari.
  • LIMITEAK JARRI: Limiteak mugak dira, eta mugek haurrari segurtasuna ematen diote. Eta nahiz eta haur hauek limiteak eta mugak desafiatzeko joera izan, garrantzitsua da heldua bere horretan mantentzea.

 

Urduritasunak era ezberdin batera eragiten dio pertsona bakoitzari. Izaerak ere eragina izaten du emozioak bizitzeko orduan. Esaterako, lotsatiak direnak, bigarren plano batean, oskola barruan, seguru sentitzen dira. Lotsatiei beraz, bultzada bat eman beharko diegu. Eta, kontrara, harroagoak diren horiek «eusten» izango dugu lana. Hala ere, bi pertsona mota horien oinarrian urduritasuna eta emozioen lanketa dago.

Beraz, «lotsagabea» edo «gatazkatsua» bezalako etiketa mardulak ezarri baino lehen, har dezagun arnasa sakon eta kontziente izan gaitezen haur horrek erantzun emozionala behar duela, beste edozein haurrek bezalaxe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!