Beraz, nola lortu ikaslearekin edota seme-alabarekin harreman ona izatea?
Harremanak bi norabide ditu, hau da, bi aldeen artean konfiantza egotea beharrezkoa da. Seme-alaba eta gurasoen artean, edota ikaslearen eta irakaslearen artean. Bi egoeratan helduak izango du gidariaren papera. Ikaslearengan konfiantza izateko, lehenik, begirada zaindu beharko da; izan ere, hitzen beharrik gabe ere komunikatzen baikara. Horrela, pentsatzen badugu ikaslea alferra dela, edota apropos ez dituela lanak egiten, hori adieraziko dugu, eta harremana ez da ona izango, mesfidantzazkoa izango da bi aldeen aldetik. Beste batzuetan, beharrezkoa izango da autokritika egitea; hau da, helduak hanka sartu badu ikasleen aurrean, aitortzea garrantzitsua da; honela, eredu egokia izateaz gain, konfiantza handitzen lagunduko duelako.
Bestalde, familia ere badago. Familian seme-alabekin erlazio ona izatea ezinbestekoa izango da. Hor, enpatia, ulermena eta konplizitatea landu beharko dira; adi egon beharko gara erruarekin, kontuz gauzak leporatzearekin. Harreman guztietan bezala, gatazka egoerak egongo dira, baina gatazkak ongi kudeatuz gero, ikasteko baliagarriak izango dira.
Harreman hauek, hau da, gurasoen, irakasleen eta seme-alaben artekoek baldintzatuko dute ikaslea gustura ikastea, bere buruarengan konfiantza izatea, eta beraientzat erreferente ona izatea. Honek, esan bezala, ausardia, bokazioa, lan asko egitea, eta autokritika eskatzen du, baita formazioa ere. Baina hezitzaile eta guraso izatea ez da lan erraza, epe luzeko lasterketa bat da, batzuetan asmatuko da, eta besteetan, hanka sartzeaz ikastea tokatuko zaigu.
Harremanak, begirada, formazioa, elkar ulertzea, autonomia, irakasleari bere lana egiten uztea… Guztiak dira ezinbestekoak.
Amaituko ez litzatekeen zerrenda luzea bezain garrantzitsua dago atzetik. Lehen pauso gisa, has gaitezke hasierako hausnarketa batekin, gai al naiz besteei behar duten lasaitasuna eskaintzen?