Euskadi mailan, 2021-2022 ikasturteko datuek azaltzen dute gure lurraldean 157 kasu identifikatu zirela; hau da, ikasleen %14,2a. Honela, ikuskaritzak guztira 1.098 kasu aztertu zituen aipatu ikasturtean.
Perfilaren arabera, edozein haur edo gaztek pairatu dezake eskola jazarpena, baina ikasle lotsatiek, komunikazio gaitasun eskasa dutenek edota autoestimu baxua duten ikasleek aukera gehiago dute.
Kezkagarria da ere, ezgaitasun fisikoa edota adimen atzerapena duten ikasleek, —autismoa duten ikasleak kasu—, zenbaterainoko maiztasunez jasaten dute eskola jazarpena: %12a. Gainera, hauetatik asko ez dira identifikatzen.
Jazarpena bizi duten ikasleek, antsietate eta depresio maila altuak dituzte, eta beraien osasun mentalean eta emozionalean izugarrizko eragina pairatzen dute. Gainera, honek sortzen duen ondorio psikologikoa ez bada lantzen, epe ertainera edo luzera, eskola porrota edota harreman toxikoak normaltzat ikustea iritsi daitezke, haur edo gazte horrek ez duelako harreman sanoak identifikatzen ikasi.
Bestalde, ezinbestekoa da jazarpena jasaten ari den ikaslea identifikatzea, eta baita noski, jazarpen hori eragiten duten ikasleak identifikatzea ere. Irakasleria, familia eta eskola komunitatea inplikatu behar dira, eta inoiz ez gutxietsi ikasleak adierazten duena —isekak, materiala ezkutatzea, txutxu-mutxuak…—. Zer esanik ez, heldu zein ikasleek horrelako egoeraren bat aurrez aurre ikusten badute. Jazarpena geroz eta azkarrago moztu, orduan eta kalte gutxiago sortuko dio pairatzen duen ikasleari, eta emaitza onak lortzea errazagoa izango da.
Errespetuaz eta dibertsitateaz erraz hitz egiten da, baina benetan errespetuzko eskola komunitatea eta honen barruko errespetuzko gizartea nahi badugu, ezin da biolentzia mota honen aurrean beste aldera begiratu. Arazoa sakona da eta denboran iraun dezake. Bizi izan duenarengan ondorio psikologikoak utziko ditu, eta burutu duenak, heldua denean, normaltzat ikus dezake zenbait kasutan eta zenbait pertsonekin biolentzia erabiltzea.