PSIKOPEDAGOGIA

Nola aurre egin kurtso hasierako erronkei, arrakastaz

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Apaolaza 2023ko urr. 15a, 07:59

Ikasturtea hasiberria dugu eta horrekin batera hainbat erronka desberdinei aurre egin beharko diete ikasleek zein hauen familiek.

Zeintzuk dira erronka berriak?

Lagun berriak, ikastetxe berria, unibertsitate berria, herri aldaketa… Egoera berriek urduritasuna sortzen dute, ez baititugu egoerak kontrolatzen eta garunak ez baitaki egoera berriak arriskutsuak izango ote diren, eta nola egingo dien aurre ahalik eta kalte gutxien pairatuz.

Arrakastaz nola aurre egin diezaiekegu erronka berriei?

1. Urduritasuna: Onartu urduritasuna. Urduritasunak sor ditzakeen ezinegonak onartu behar dira; adibidez, haurra ohikoa dena baino gehiago haserretzea, amets gaiztoak izatea... Egoera horiek ahalik eta naturalen biziko ditugu eta geure burua lasaitzeaz gainera, seme-alabari normaltasuna eta lasaitasuna transmitituko dizkiogu.

2. Egoera berriaren alde onak ikusi: Egoera guztiek alde positiboa dute, erronkak identifikatu eta alde positiboez hitz egin behar dugu seme-alabekin (eskolaz aldatu bada, lagun berriak egingo dituela, asko ikasiko duela, kurtsoan zehar egingo dituztela ekintza atseginak).

3. Babesa: Gurasoen laguntza izango duela jakinarazi behar zaio haurrari, bai ikasketetan laguntzeko, eta baita sortu daitezkeen gatazkei irtenbidea emateko ere.

4. Normaltasuna: Ohiko ordutegira ohitzea komenigarria da egoera ahalik eta naturalen bitzeko. Horretarako, otorduetako orduak, ohera joateko orduak, seme-alaben loa eta atsedena bermatu behar dira.

5. Baikortasuna: Erronkak zailtasunak dira baina zailtasunak modu onean gainditzeak autoestimua eta heldutasuna sortzen dute. Beraz, baikortasunez helduko diogu ikasturteari eta geure buruarengan eta gure seme-alabengan konfiantza izango dugu.

6. Ohitura onekin hasi: Hasieratik ohitura onak sustatzea komeni da, azken momenturako utzi gabe. Ikastea ohitura bihurtuko da, eta horrela kurtsoan gehiago saiatu behar duenerako ikasleak martxa hartuta edukiko du sor daitezkeen antsietate edo motibazio ezari aurre hartuz.

Bizitza erronkez beteta dator, orain udako oporren atsedena eta patxada albo batera utzi, eta lanean jartzeko garaia da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!