Gizarte moderno honetan, haurrari irekia eta sinpatikoa izatea eskatzen zaio eta zenbait umek ez dute nahi horrelakoa izatea, ez zaie modu naturalean ateratzen. Kasu horietan, helduak haurraren izaera errespetatu beharrean, haurra behartu egiten du hitz egitera edota nahi ez duen ekintzan parte hartzera. Eskola garaian egiten diren antzerkiak eta dantza erakustaldiak dira horien adibide. Nahiz eta haur gehienei parte hartzea gustatu eta beraien familia zein ezagunen aurrean antzezteko edota dantzatzeko deseatzen egon, badaude parte hartu nahi ez duten haurrak. Kasu horietan, irakasleek eta baita gurasoek ere haurraren nahia errespetatu behar dute eta parte hartu nahi ez badu lasai utzi behar da umea.
Eskola munduan, lotsatia izateak ikasleari zentzu negatiboan eragiten dio. Badaude ikasle asko klase-kideen aurrean hitz egitea asko kostatzen zaiena, are eta gehiago, bere ama hizkuntzan ez bada. Ikasle lotsatiak, gehienetan ez du parte hartzen, ez ikasgaia ez dakielako baizik eta lotsa ematen diolako. Lagunen artean ere, selektiboak izaten dira, gertuko lagunak bilatzen dituzte eta sarri bakarrik egotea aukeratzen dute, gustukoa ez duten ekintzan edota gustuko ez duten pertsonekin egon ordez.
Prozesua modu naturalean bizi beharrean, helduak arazotzat ikusten du. Eta ikasgaia ez dakiela pentsatzen da askotan, notetan islatuz. Guraso batzuk, beraien seme edo alabaren portaera ikusiz, seme-alabarengan presioa egiteko joera izaten dute; funtsean babesteko, baina tamalez, presioak onura baino kalte gehiago sor dezake.
Beraz, haurraren izaera errespetatu eta onartu egin behar da. Gainera, txikitan lotsatia izateak ez du esan nahi heldutan horrela izango denik, eta izanda ere, txarra denik. Etxetik, haurraren izaera onartu eta maitatu behar da eta denbora eskaini. Azken finean, denok desberdinak garen honetan, zertarako bultzatu izateko modu bakarra?