PSIKOPEDAGOGIA

Hegan egiten uzteko garaia

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Apaolaza 2023ko mar. 6a, 07:58

Guraso guztion nahia da seme eta alabak aske hegan egitea; hau da, albotik poliki-poliki aldentzen direla ikustea, baina zer emozio sentiarazten du prozesu honek? Benetan mozten al da zilborrestea edota heldu bizitzan jarraitzen al du dependentzia egoera horrek?

Sarritan hitz egin dugu atxikimendu seguruaren inguruan, haurra heldu segurua izateko familiak eskaintzen dion loturarik osasuntsuena delako. Tamalez, atxikimendu segurutik antsietate-atxikimendurako muga oso mehea da. Gurasoak argi dauka haurraren ondoan egongo dela, baina askotan, ondoan egoteak haurrak edo gazteak hartu behar dituen erabakiak berak ez hartzea edo baldintzatuta hartzea esan nahi du, eta honek askatasuna sortu beharrean, antsietatea sortzen dio haurrari edo gazteari.

NOLA INDARTU SEGURTASUNA SEME-ALABENGAN?

1. ULERTU ETA EZAGUTU: Seme edo alabaren izaera, nahiak eta egoera ulertu behar dugu lagundu ahal izateko. Horretarako, gure aurreiritziak, beldurrak, espektatibak kontrolpean edukiko ditugu.

2. ERABAKITZEN UTZI: Gazteak erabakiak bakarrik hartu behar ditu; adibidez, zer ikasi nahi duen edota zein ikastetxetan ikasi nahi duen, bere erabakia da, bere ondorioekin.

3. ESAN NIZUN… Horrelako komentarioak alde batera utzi nahiz eta guk aurrez jakin zer gertatuko den. Pentsa esperientzia dela irakaslerik onena.

4. KONFIANTZA: Konfiantza izan behar dugu egiten ari den horrengan eta arduratsua izango dela bai lagunekin parrandan ateratzeko orduan, ikasteko orduan edota harremanak izateko orduan.

5. SOKA ASKATZEN HASI: Haurra koskortzen ari denean, konfiantza izan eta bere espazioa ematen hasi behar gara: bakarrik etxean geratu dadila momentu batez, goxokiak erostera bakarrik joan dadila, lo bakarrik egin dezala… Bakoitzak bere espazioa behar du eta gurasoek orain arte alde batera utzita zeukaten denbora elkarrekin berreskuratzeko garaia da.

6. BELDURRAK ALBO BATERA UTZI: Guraso asko oso urduri jartzen dira beraien haurra ez badute kontrolpean eta haurrak txikitatik honelako mezuak entzuten ditu: «Kontuz! Ez igo horra, eroriko zara; Norekin zoaz kalera?; Gaur egun biolentzia asko dago kalean…». Beldurra sartzen diegu haurrei zein gazteei. Azkenean, gurasoa ez da gai bere beldurrak albo batera uzteko eta hauek transmititu egiten dizkio seme-alabari.

Erlazio osasuntsu guztiak konfiantzan eta erabakitzeko eskubidean oinarritzen dira, baita norberaren segurtasuna ere. Baina gurasoak beldur dira bere haurraren sufrimenduaz eta ez dute zilborrestea moztu nahi. Baina haurrak negua du zain heldu egiteko ordua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!