PSIKOPEDAGOGIA

Ikasle eta irakasleriaren arteko harremana

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Apaolaza 2023ko urt. 20a, 07:58

Ikasteko ezinbestekoa da lasai eta eroso egotea, bestela garuna ez da behar bezala kontzentratzen. Alerta egoeran egongo da bestela, tentsioan. Tentsio egoeran gaudenean, amigdala aktibatzen da eta beraz garunak honelako aginduak bidaliko dizkio gorputzari: izerditzea, mugitzea, aurpegian keinu arraroak jartzea, blokeatuta geratzea edo ezin hitz egitea, eta egoerarik okerrenean ihes egitea edota eraso egitea. Ikasle asko azterketan pentsatu ezinik geratzen dira, euren beldurra eta antsietatea handituz.

Beraz, nola lortu dezakegu ikaslea edota seme-alaba eroso egotea?

Ikasleak bere buruarengan konfiantza izatean datza gakoa. Tamalez, autokontzeptu hau bertan behera uzten da faktore desberdinengatik: azterketako notak; presioa eskolaren zein familiaren aldetik; irakurketa-, idazketa- edota matematika-zailtasunak; egoera emozionala…

Beraz, harreman ona ikasle eta familia edo irakasleriaren artean sustatzea ezinbestekoa da. Irakasleek konfiantza eduki beharra daukate ikaslearengan. Ikaslearengan konfiantza izateko, begirada zaindu beharko da lehenik. Hau da, aldez aurretik pentsatzen badugu ikaslea alferra dela edota apropos ez dituela lanak egiten, ondorioztatu daiteke harremana ez dela ona izango. Irakasleak ez badu ikaslearengan sinisten, ez badu bere lengoaia zaintzen eta gatazkak kudeatzeko zailtasunak baldin baditu zaila izango da harreman ona edukitzea.

Bestalde, familiari ere begirada bota beharrean gaude. Familiarekin erlazio ona izatea ezinbestekoa da. Honela, enpatia eta ulermena landu beharreko kontzeptuak dira, konplizitatea ezinbestekoa da eta horretarako errua edo gauzak leporatzea alboratu beharreko jarrerak dira. Familiak ere autokritika egin beharko du; elkar ulermenerako eta elkarbizitzarako ezinbestekoa baita.

Harreman hauek gainera, ikaslea baldintzatuko dute: ikasleak gustura ikasiz eta bere buruarengan konfiantza izanez. Eurentzat erreferente onak izan behar dira familia eta irakasleak. Honek, lehen esan bezala, ausardia, bokazioa, lan asko egitea eta autokritika eskatzen du, eta baita formazioa ere. Hezitzailea izatea ez da lan erraza, askotan erraztasunez lan baldintzak epaitzen ditugu, lanak eskatzen duen konpromisoa ahazturik.

Harremanak, begiradak, formazioa, elkar ulertzea, autonomia, irakasleari bere lana egiten uztea burokraziatik harago…. Amaituko ez litzatekeen zerrenda luzea bezain garrantzitsua dago guzti honen atzetik. Gakoa agintariek gaiari benetan heltzean eta gizarte bezala hezkuntza komunitatearen garrantzia azpimarratzean datza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!