PSIKOPEDAGOGIA

Ikasketen zama familia giroan

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Apaolaza 2022ko aza. 19a, 07:58

Ikaslea etxeko lanak egiten. ATARIA

Seme-alaba batzuk ikasle onak izaten dira, errazak esango genuke. Arduratsuak dira; ikasten dute, gainditzen dute eta badoaz ikasturtez ikasturtez beraien ibilbidea egiten. Beraien burua ikasle ontzak daukate eta unibertsitate mailako ikasketak egitea edukitzen dute buruan. Irakasleekin harreman ona edukitzen dute; bai ikasleak eta baita gurasoek ere. Beraz, ikasketak prozesu naturalak dira, familiak erraz gainditzen dituenak.

Baina denok dakigun bezala, ikasleriaren zati bat ez da ikasketekin ongi moldatzen. Kosta egiten zaie gelan adi egotea, lanekin arduratsuak izatea, ikasketa-zailtasunak dituzte kasu batzuetan —dislexia, hiperaktibitatea, arreta gabezia— eta eskolara joatea pisutsua egiten zaie. Kasu hauetan, ikasle eta irakasleen arteko harremana batzuetan ez da ona izaten eta familia eta irakasleriaren artean harremana tirabiratsua izaten da zenbait momentutan.

Kasu hauetan, bai seme edo alabarentzat zein gurasoentzat eskola eta ikasturtea luzea eta astuna izaten da. Gutxitan iristen dira berri onak eta frustrazioa eta motibazioa galtzea oso presente egoten dira.

Denok dakigun bezala, ikasketak amaitu egiten dira. Zorionez zama amaitu egiten da seme-alaba hauek lan munduan sartzen direnean. Tamalez, familia hauek eta seme-alaba hauek bizipen ezkorrak edukiko dituzte eskolarekiko eta baita ikasketekiko ere. Honek, aurrera begira beraien formazioa eta baita lan munduan aurrera egitea oztopa dezake. Beraz, ezinbestekoa bilakatzen da familia hauek zaintzea eskola garaian. Zaintzea diodanean, irakasleagoak ikasle hauen beharrak identifikatu eta lantzeaz ari naiz, begirada zaintzea, honen baitan egongo baita ikaslearen autoestimua eta baita familiaren autoestimua ere.

Familia aldetik, ezinbestekoa da seme-alaben ikasketa prozesuan gainean egotea eta harremanetan egotea tutore zein irakasleekin. Nahiz eta jakin badakigun ikasturteak lan asko eta sari gutxi ekartzen dizkiela familia hauei galdera honekin amaitu nahiko nuke: gure seme-alabei laguntzea baino gauza hoberik ba al dago?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!