Haur eta helduen begiradak

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Apaolaza 2022ko urriaren 23a

Haurren mundua helduon munduarekin konparatuz ezberdina da; haurrek mundua beste begi batzuekin ikusten dute. 

Adinaren arabera modu batera hautemango dute; honela, 0-7 urte bitartean mundu magikoa ikusten dute eta oraindik pertsonaia magikoetan sinistuko dute, pentsamendu arrazionala 7 urtetik aurrera garatzen hasten baita.

Nerabeek ere beraien mundu propioa daukate; egozentrikoa izaten da eta askotan amets egiten dute, nahiz eta errealitatea haurrek baino hobeto hauteman.

Haurrak ulertzeko, garrantzitsua da beraien ikuspegia ulertzea eta helduok horretarako, ezinbestean, entzun beharko dugu haurrek kontatzen dutena. Sarri helduak bere ikuspegia sartuko du eta modu batean, umeen ikuspegia zapuztu dezake honela. Egia da helduak umea gidatu egin behar duela, pentsatzen lagunduz. Adibidez, haur batek hegan egin dezakeela esaten badu, helduak ideia alboratu beharko dio, arriskutsua izan daitekeelako. Modu berean, adarbakarrak existitzen direla esaten badu, ez da komeni ez direla existitzen esatea; horren kontrara, esan dezakegu guk ez ditugula inoiz ikusi eta zaila egiten zaigula zaldi mota horretan sinistea.

Haurrak entzun behar ditugu beraien barne mundura iritsi ahal izateko eta, bide batez, eurekiko harremana hobetzeko. Horretarako, ulermena eta goxotasuna erabiliko ditugu eta ez dugu barrerik edo burlarik egingo; nahiz eta aurretik jakin esaten ari dena ezinezkoa dela. Honela, haurra ulertua eta seguru sentituko da; eta, bide batez, komunikazio osasuntsua landuko dugu. Polita da gainera, haurraren inozentziaz disfrutatzea eta pentsamendu eta diskurtsoaren eboluzioaz jabetzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!